INFO

AEKren euskaltegiko irakasleek abiatuko dute Korrika ostegunean Amurriotik

Ostegunean abiatuko da Korrika Amurriotik, eta lehen kilometroaren protagonistak AEK euskaltegiko egungo sei irakasleak izango dira. Iñaki Ibarluzeak, Maite Ibarluzeak, Ione Ugartek, Mariyer Egiak, Maite Benitok eta Aintzane Praderak eramango dute lekukoa lehen kilometroan.

Gasteizen astelehen honetan Korrikaren lehen eguna aurkezteko egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Iñaki Ibarluzea, Maite Ibarluzea, Ione Ugarte, Mariyer Egia, Maite Benito eta Aintzane Pradera AEK-k Amurrion duen euskaltegiko irakasleek eramango dute ostegunean Korrikaren lekukoa lehen kilometroan.

«Ibilbide oparoa egin du eta egiten ari da Amurrioko AEK, eta ostegunean euskaltegiaren lan horretan jarriko dugu azpimarra», adierazi du Asier Diaz Arabako Korrikaren arduradunak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan izandako agerraldian.

Bertan amaitu zen Korrika 2019ko apirilaren 14an. «Hementxe bertan Maialen Lujanbiok lekukoa ireki eta hark berak irakurri zuen 21. Korrikaren ezkutuko mezua», adierazi du, egun hura Araban «betiko» gogoratuko dela azpimarratu baino lehen.

«Orain, oroitzapen horiek atzean utzita, baina 21. Korrikak utzitako olatu indartsuari helduta, hurrengo hitzordua ostegunean bertan Amurrion dugu, hiru egun barru, 22. Korrika abian jarriko dugu», azaldu du, eta hitzordu berezia izango dela ohartarazi du.

Batetik, «hiru urte hauetan plazak hutsik ere ezagutu ditugulako», pandemiaren eraginez. «Eta oso pozgarria da guretzat deialdia egitea Amurrioko plaza betetzeko, errepideak jendez beterik egon daitezen eta euskarak tokia berreskuratu eta irabazteko».

Eta, bestetik, «ohiturari eutsi nahi diogulako, eta 22. Korrika abiarazteko Arabatik mugitu ez garelako». «Amurriok, Aiaraldeak, hartu du Korrika hasieraren oparia eta ardura», esan du, eta azken urteetan eskualdean martxan jarri diren dinamika «interesgarriak» aipatu ditu, Airaldea Ekintzen Faktoriaren proiektua nabarmenduz.

Iñakik Ibarluzeak azaldu duenez, ilusioz bizi dute Korrikaren hasiera antolatzeko erronka, «izugarrizko erronka». Aitziber Praderaren esanetan, «Korrika bertatik abiatzea guretzako ohorea da, baita herriarentzako». Julen Sasiain Euskara zinegotziak ere nabarmendu du Korrikak Amurriorentzat duen garrantzia.

Egitarau oparoa

Izan ere ostegunean jendetza bilduko da herriaren erdigunean. Aitziber Alava lehen eguneko koordinatzaileak iragarri duenez, 10.00etan txupinazoa jaurtiko dute euskaltegitik, «eta handik aurrera musika izango dugu kale guztietan».

Erakusketa bat ere izango da euskaltegian, eta parkean azoka izango da, «eguraldiak laguntzen badigu». Euria eginez gero San Anton plazan antolatuko dute azoka. Jarraian ‘parrillada’ bat egingo dute parkean. «Eta indarrak hartu ondoren, 16.00etan izango dugu ekitaldi nagusia».

Kaitin Allendek aurkeztuta, Neomak taldeak parte hartuko du, baita Aitziber Balantzategik ere, AEKren Artezkaritza Kontseiluko presidenteak eta Arabako ordezkariak, hain zuzen ere. 16.30ean mezua lekuko barruan sartu eta lehen eramaileen eskuetan utziko dute. Amurriotik abiatuko da, apirilaren 10ean Donostiara heltzeko.

Korrikak Aiaraldea zeharkatu du, eta bitartean Amurrion ikuskizunak eta kontzertuak izango dira. Agertokira igoko dira, besteak beste, Gozategi, Izatefaltsua eta Dupla. «Ostegunean, denok duzue hitzordu eder bat Amurrion», azpimarratu du Diazek.

Korrikaren hasiera NAIZ Irratiaren eskutik

NAIZ Irratiaren eskutik ere Korrikaren hasiera jarraitzeko aukera izango da. 15.30ean abiatuko da NAIZ Irratiaren emanaldi berezia Amurriotik. Bigarren Kafe berezia izango da Korrikaren hasieratik bertatik, 22. edizio honen lehen pausoak ikusi eta entzun ahalko dira NAIZen bertan, NAIZ Irratian, noski, eta sare sozial nagusietan.

Saio oso berezia izango da eta NAIZek eta NAIZ Irratiak Korrikari egingo dioten jarraipen zabalari lehen puntua jartzeko balioko du. Hortik aurrera lekukoaren etengabeko jarraipena egingo dute NAIZek eta NAIZ Irratiak Arrosa sareko irratiekin eta Hamaika Telebistarekin elkarlanean.

Jarraipen berezi honen puntu gorena amaiera egunean izango da. 22. edizio honen azken kilometroak jarraitzeko saio berezia eskainiko dute NAIZek eta NAIZ Irratiak Donostian. Gainera, Zuloaga plazan euskalduntzearen aldeko ekimen erraldoi honek merezi duen ospakizuna osatzeko NAIZ gunea ere izango da, kontzertu eta animazio eskaintza zabal batekin.