INFO

EAEko hezkuntza akordioaren aurkako lanuzteak deitu ditu Steilasek apirilaren 7an

Steilasek gogor kritikatu du hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarrien dokumentua, apirilaren 7an Legebiltzarrean onartuko dena. Egun horretan hiru-lau orduko lanuztea deitu ditu sindikatuak, eta elkarretaratzeak egingo ditu "Ez saldu Euskal Eskola Publikoa" lelopean.

Asteazken honetan Steilaseko kideek Bilbon eskainitako agerraldia. (@STEILAS_)

Apirilaren 7an eztabaidatuko eta onartuko dira Hezkuntza Legearen oinarriak Gasteizko Legebiltzarrean. Steilas sindikatuak ez du bat egiten Hezkuntza Ituna garatzeko gauzatzen ari den prozesuarekin eta lanuzteak deituko ditu egun horretan.

Agerraldi batean sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, «ez da borroka eteteko momentua», izan ere, haien esanetan, etorkizunean onartu nahi den legearen bitartez «sistema publikoa eta pribatua parekatuko dira, ikastetxe pribatuetako finantziazioa blindatu ahal izateko».

«Beraz, hezkuntza publikoa ez da sistemaren ardatza izango», ohartarazi du, eta adostutako testuak ez duela publifikazio marko sendo baten alde egiten deitoratu du; «ezta ikastetxe publikoetako matrikulazioa bermatzeko neurririk jasotzen ere».

Salatu duenez, «segregatzailea den sistema duala normalizatu eta betikotzen du» hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarrien dokumentuak; eta alderdiek «ikasle askok bere sinesmen, jatorri edo egoera sozioekonomikoagatik jasaten duten bazterkeria gainditzeko neurri eraginkor berririk ez dute jaso».

Diotenez, «onarpen prozesu gardenak izateko eta doakotasuna eta laikotasuna bermatzeko neurri zuzentzaile guztiak gaurko legedian jasota daude, eta ez dira betearazten».

«Ez da murgiltze eredurik aipatzen»

«Ez dute euskararen aldeko apustu irmorik egiten –uste du sindikatu honek–. Esleituko diren baliabideak aipatu ez eta ikastetxearen esku uzten da ardura. Ez da murgiltze eredurik aipatzen, ez dira ereduak gainditzen eta atzerriko hizkuntzei irekitzen die atea, euskararen kalterako».

«Hezkuntza sistema propioan atzerapausoa da. Indarrean dagoen araudi estatala berresten baita», gaineratu dute, eta kritikatu dute langileen lan-baldintzen aipamenik ez dela egiten, «nahiz eta dokumentuak eragin zuzena izango duen hauen gain».

Halaber, esan dutenez, akordioak «Haurreskolak Partzuergoa hezkuntza-sisteman txertatu eta hauek eskola mapan sartzeaz ez du hitz egiten. Eta ez da jasotzen haur eskola pribatuen diru-laguntzak desagertuko diren ala ez».

Lanuzteak eta elkarretaratzeak

«Horregatik, hiru-lau orduko lanuztea deitu dugu EAEko ikastetxe publiko guztietan eta Haurreskolak Partzuergoan. Datorren apirilaren 7an egingo dugu, goizeko 7:30etik 11:00etara. Izan ere, egun horretan bertan bozkatuko dute Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdietsitako akordioa», nabarmendu dute.

Lanuzteaz gain, elkarretaratzeak egingo dituzte, “Ez saldu Euskal Eskola Publikoa” lelopean. Nagusia 9-30ean izango da, Legebiltzar aurrean. Besteak, EAEko ikastetxe eta haur-eskola guztien aurrean izango dira 10:30ean.

ELA eta LABen kritikak

ELA eta LAB sindikatuek, ordea, ez dute begi onez hartu Steilasek egin duen deialdia.

Gauzak horrela, LABek, ohar baten bidez, batasun sindikalaren alde egin du eta Steilasek deituriko lanuztearen kontra egin du. «Deialdi hau Hezkuntza Akordioaren harrida sortutako intersindikaletik at egiten da, aldebakarrez eta aurretiazko inolako komunikaziorik gabe», dio LABek.

Intersindikalaren azken bileran aho batez deituta zituzten greba eta mobilizazioak bertan uztea erabaki zutela gogoratu du LABek. «Gure ustez, hezkuntzan lan egiten dugun langileok erronka itzelak ditugu lege honen negoziazioaren aurrean. Gure artean hainbat iritzi eta posizio egon daitezke, baina orain arte langileen interesak defendatu eta mobilizazio bateratuetara jo izan dugu. Ezin dugu ulertzen alde bakarreko deialdi batek ezer ekarpen egingo lukeen», dio LABek.

ELAk ere Steilasen deialdia harriduraz jaso duela dio beste ohar batean, batasun sindikala apurtzen duela gaineratuz.

«ELAk eusten dio Hezkuntza Legearen oinarrien inguruko irakurketa kritikoari, eta greba eta mobilizazioak bultzatu behar direla uste du langileekin asanbladak eginez, etorkizuneko Hezkuntza Legearen edukiak baldintzatzeko eta hobetzeko; baita langileak kontuan hartuko dituen prozesua abiatzeko ere. Horretarako, sinistut dago greba eta mobilizazioak egin nahi duteneik elkarlana ezinbestekoa izan behar dela, greba dinamina erangikorrak helburu», dio ELAk, proposamen hau Steilasi ere luzatu ziotela nabarmenduz.