INFO

«HitzEkin» aldarrikatuz abiatu da Korrika Amurriotik gogo eta ilusioz gainezka

Jendetzak babestuta abiatu da Korrikaren 22. edizioa Amurriotik gaur arratsaldean. Bertako AEKren euskaltegiko irakasleek eraman dute lekukoa lehen kilometroan. Hotzak, euriak eta haizeak ez dute inor kokildu eta euskararen alde korrika egiteko gogotsu ekin diote lasterketari.

Jende andana batu da Amurrion Korrikaren hasieran parte hartzeko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Urtebeteko «atzerapenarekin», baina azkenean abiatu da Korrika. Hiru urteko itxaronaldiaren ostean, gogo eta ilusio handia somatzen zen eta horren lekuko euskararen aldeko lasterketaren 22. edizioaren hasieran parte hartzeko Amurrion bildu den jendetza, hotz, euri eta haizeari aurre eginez. NAIZ eta NAIZ Irratia ere bertan izan dira, hain une hunkigarria zuzenean eskaintzen.

Bertako AEK-ko euskaltegiko sei irakasleek izan dute lehen kilometroan lekukoa eramateko ohorea: Iñaki Ibarluzea, Maite Ibarluzea, Ione Ugarte, Mariyer Egia, Maite Benito eta Aintzane Praderak, hain zuzen ere. «HitzEkin» aldarrikatuz ekin diote ibilbideari, txalo artean. 

 

Lasterketa abiatu aurretik, ordea, ekitaldia egin dute herriko plazan. Kaitin Allende kazetarik aurkeztu du eta, nabarmendu duenez, pandemiak «errotik ezabatu du euskara plazatik zein askoren bizitzatik», horregatik garrantzitsutzat jo du Korrikak «euskaren uholdea berreskuratzea».

Neomak taldearen emanaldiaren ostean, Aitziber Balantzategi AEKren Artezkaritza Kontseiluko presidenteak eta Arabako ordezkariak hartu du hitza. Pozarren, «22. tantoa egiteko unea, 22. korrika abiatzeko unea» heldu dela adierazi du: «Euskaraz garela eta izan nahi dugula aldarrikatzeko unea da».

«Itxi begiak eta amestu, irudikatu herri bat mugimenduan, herri koloretsua, uniformerik gabea. Entzun ondokoaren arnasa, bere oinak lurraren kontra. Zoruak dar-dar egiten du milaka urratsen azpian», animatu du.

 

This browser does not support the video element.

 

Balantzategik esan du euskararen erronkan eta hizkuntza eskubideetan ezin dela atzerapausorik egin. «Euskaraz biziko bagara gure hizkuntzaren ezagutza unibertsala bermatu behar dugu», nabarmendu du. Horretarako jendartearen konpromisoa eskatu du, baita administrazioena ere, bideratu behar dituzten hizkuntza politikak «trinko bihur ditzaten, ez gaitezen esna bihar orain baino atzerago lege eta epeileen kolpeen erruz».

Lekukoa eraman duten irakasleen izenean, Maite Benitok eskerrak eman ditu eta esan du lekukoa eramatea «benetako ohorea eta saria» dela beraientzat.

Aurreskua iritsi da gero Aiara dantza taldearen eskutik. Segidan, aurtengo edizioaren mezu sekretua lekukoaren barruan sartu du Asier Amondok eta «Aurrera Korrika!» oihu egin ostean abiatu da lasterketa.

 

 

Amurrioko irakasleen ondoren, SOS Aiaraldea plataformako kideek, Tubacexeko langileek, Aceralavakoek, Amurrioko gazte mugimenduak, hezkuntza publikoaren sareko kideek, Aresketa ikastolakoek, osasun langileek, Oinkariak taldekoek, udaleko langileek, Menagaraiko emakume taldeak... eraman dute lekukoa. Baita Ukrainatik Euskal Herrira etorri berri den gazte haur batek ere.

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako euskara ikasleek, testiguari helduta, izan dute Korrikan kantatu den lehenengo bertsoa entzuteko aukera, beraien irakasleen ahotik

Bizkaian barrena

Euskararen aldeko lasterketak jada igaro ditu Amurrio, Aiara, Menagarai... eta Artziniega. Han agurtu du 2022ko Korrikak Araba, behin-behinean, ordu batzuk beranduago igaroko baita Laudiotik eta apirilaren 6an itzuliko da berriz. Burgosko lurretatik abiatu da Bizkaiara.

Hemendik eta Korrika apirilaren 10ean Donostiara iristen den arte, Euskal Herriko errepideak jendez beteko dira euskarak tokia berreskuratu eta irabaz dezan. Hamaika egun eta 2.180 kilometro, hizkuntza bat ‘HitzEkin’ osatzen dela aldarrikatzeko.