INFO

Nazioarteko ekofeministen topagune izango da Basoa Defendatzaileon Etxea etzitik asteazkenera

‘Aliantza ekofeministak botere korporatiboaren aurka. Nazioarteko Topaketa’-k Latinoamerikako eta Senegaleko hainbat feministaren ikuspuntuak batuko ditu larunbatetik asteazkenera. Arteako (Arratia) Basoa Defendatzaileon Etxean izango dira «agenda feminista antikapitalista eraikitzeko» jardunaldiak.

Arteako (Arratia) Basoa Defendatzaileon Etxean izango da nazioarteko topaketa. (Basoa Defendatzaileon Etxea)

Basoa Defendatzaileon Etxeak, Arratian, nazioarteko hainbat ekofeministaren ikuspegiak hartuko ditu apirilaren 2tik 6ra arte, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL) antolatuta. Parte-hartzaileak Argentina, Uruguai, Brasil, Kolonbia, Honduras, Guatemala, Mexiko eta Senegaletik datoz, eta enpresa multinazionalekiko erresistentziak eta alternatibak nola indartu izango dute hizpide.

Topaketaren helburuen artean daude «Latinoamerika, Afrika eta Europako feministen arteko elkarrizketarako eta prestakuntzarako gunea sortzea; nazioarteko sareak indartzea eta enpresa multinazionalen aurkako agenda feminista sustatzea, ekintza eta estrategia komunak adostuz», zehaztu dituzte antolatzaileek.

Arratiako topaketaz gain, apirilaren 4, 5 eta 6an «eztabaida feminista irekiak» izango dira Bilbon, Hernanin eta Gasteizen, nazioarteko gonbidatu batzuen parte-hartzearekin.

Hizlariak

Hainbat esparrutako hamahiru emakume aktibistak parte hartuko dute. Argentinatik, besteak beste, Florencia Paterno garapen jasangarriaren aldeko ikerlari feminista, Victoria Fernandez soziologoa eta Anabella Antonelli kazetaria, indarkeria jasaten duten pertsonak laguntzen dituen Casa Comunidad plataformatik, izango dira.

Brasiletik ur-bilduek kaltetutako pertsonen elkarte bateko kide den Leticia Oliveirak parte hartuko du. Uruguaytik etorrita, hainbat herrialdetako aktibistak elkartzen dituen ekimen batetik, Alicia Migliaro izango da topaketan. Bestalde, Mexikokoa den Ana Maria Hernandez egongo da; giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen babeserako elkarte bateko kidea da.

Basoa Defendatzaileon Etxea

Basoa etxea «pentsamendu kritikoa praktikatik eraldatzea bilatzen duen» espazioa da, Arratiako bailarako basoan kokatutako «etxe komunitarioa eta gogoeta gunea». Migratzaile, errefuxiatu, defendatzaile eta ekintzaile guztiei zuzendua dago, «bizi diren lekuan bizi direla. «Muga fisiko, mental eta sinbolikoak gainditzeko bokazioa duen» gunea da.