INFO

70 hartz arre daude Pirinioetan, 1995etik ez dira hainbeste zenbatu

Hartz arreen biztanleria 1995az geroztik zenbatutako altuena da Pirinioetan, 70 hartz zenbatu baitituzte guztira. Hala ere, ohartarazi dute espeziea oraindik ez dagoela arriskutik at.

Hartz arre bat eta bere kumea, artxiboko irudi batean. (EUROPA PRESS)

Frantziar Estatuko hartz arrearen sareak ostegun honetan iragarri duenez, Pirinioetako hartz arrearen biztanleriak hazten jarraitzen du eta 1995az geroztik erregistratutako populazio handienera iritsi ziren iaz: 70 hartzetara. 2020an, 64 izan ziren Ipar Euskal Herrian, Okzitanian, Aragoin, Andorran eta Katalunian, 65.000 km karratuko espazio batean, zenbatutako hartzak. Beraz, %9 hazi da populazioa azken urtean.

Generalitateko Ekintza Klimatiko, Elikadura eta Landa Agenda Sailetik jakinarazi dute hartz guztietatik 34 emeak eta 32 arrak direla. Adinari dagokionez, 36 heldu, bederatzi gazte eta hamabost kume detektatu zituzten 2021ean. Hamabost kume horiek zortzi kumalditan jaiotakoak izan ziren.

Hala ere, Feruseko, Harrapari Handien Defentsarako eta Babeserako Elkarteko, presidenteordea den Patrick Leyrissouxek ohartarazi du oraindik hartzen biztanleria txikiegia dela endogamia arazoak saihesteko: «Termino demografikoetan albiste pozgarria da, baina genetikari dagokionez odolkidetasunaren aferak hor jarraitzen du».

Pays de l'ours-Adet elkarteak bat egin du Ferusen ebazpenarekin, «oraindik ez da bideragarria eta mendebaldeko nukleoak oso ahula izaten jarraitzen du». Beraz, hartzaren defentsako elkarteek Estatu Frantsesari hartz gehiago askatzeko eskatu diote espeziearen presentzia jasangarri bat bermatzeko xedez.

Dena den, Ferus elkarteak bere poza adierazi du ‘Goiat’ izeneko hartz ar bat, 2016an askatu zutena, ugaldu delako eta «ongi etorria eta arraroa den ondare genetiko baten ekarpena» egin duelako.

Abeltzainak, hartzen aurka

Hartzek ganaduari egindako erasoek tentsioak eragiten dituzte abeltzainen eta hartzen defentsan lan egiten duten eragileen artean. Horregatik, artaldeak babesteko neurriak eskatu dituzte abeltzainek.

Alabaina, erakunde ekologistek kritikatu dute neurri horiek «ahulguneak» dituztela, eta, sarritan, Estatuaren politikak «larriagotu» egiten dituztela ahulgune horiek.

Tartean, salatu dute azken bi urteetan lau hartz hil direla giza jardueraren ondorioz eta Estatu frantsesak, nahiz eta ‘Hartz planean’ hala jasota egon, ez dituela hildakoak ordezkatzeko ale berriak askatu.