Sciencist Rebellion kanpainari batu zaizkio euskal zientzialariak, zenbait ekimenen bitartez
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako zenbait zientzialarik nazioarteko Scientist Rebellion ekimenarekin bat egin dute. Hori horrela, larunbata arte indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintzak babestuko dituzte gobernuei krisi klimatikoarekiko erantzukizuna exijitzeko.
Euskal zientzialari ugarik nazioarteko Scientist Rebellion ekimenarekin bat egin dute. Beraz, apirilaren 4tik 9ra, astelehen honetatik larunbatera, mundu osoko zenbait hiritan ospatuko diren indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintzak babestuko dituzte zientzialariek. Ekimenaren helburua gobernuei larrialdi klimatikoaren inguruko erantzukizuna exijitzea izango da.
«Euskal komunitate zientifikoko kideok nazioarteko matxinada zientifikoa babestea erabaki dugu, Gobernuek entzun gaitzaten. 2022ko apirilaren 4tik 9ra bitartean, aurrekaririk gabeko indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintzak egingo dira munduko hiri handi batzuetan, komunitate zientifikoko kideak protagonista direla», azaldu dute zientzialariek ohar baten bidez.
Era berean, zientzialariek salatu dute gobernuak ez dabiltzala «egoerak eskatzen duen mailan» ari eta «epel jokatzen» jarraitzen dutela. Ondorioz, zientzialariek etortzear dagoen egoerarekiko «beldurra eta ezintasuna» sentitzen dutela jakinarazi dute. «Gure erkidegotik espero dugu azterlanak egitea, artikuluak argitaratzea eta manifestu akademikoak sinatzea, baina horrek guztiak ez du balio izan gobernuek guri entzuteko eta erantzukizunez eta erabakitasunez jokatzeko», deitoratu dute.
Konkretuki, Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Panelak (IPCC) astelehen honetan argitaratu duen txosteneko datuak izan dituzte mintzagai Scientist Rebellion-era atxiki diren zientzialariek eta, ohartarazi dute, munduko biztanleriaren erdia klima-aldaketarekiko «oso zaurgarriak» diren eskuladeetan bizi direla. «Iberiar penintsularen zati handi bat eskualde horien artean dago; eta EAEko kostaldearen zati handi bat, are gehiago Bilbo Handia, arrisku handian dago itsas mailaren igoeraren aurrean», ohartarazi dute.
Ildo beretik, gobernuek neurriak hartu ezean larrialdi klimatikoak gugan eragingo dituen arazoen berri eman dute zientzialariek: «Frogatuta dago muturreko fenomeno meteorologikoek gora egin dutela azken hiru hamarkadetan, eta klima-aldaketaren ondorioz hildakoak milaka izan direla. Egoerak okerrera egiten jarraituko du, eta horrek laboreen galerak eragingo ditu, goseteekin eta elikagaien prezioaren igoerekin. Biktimak milioitan zenbatuko dira, eta milaka milioi izatera irits litezke egoera horri modu inteligentean aurre egiten ez badiogu».
Egitaraua
Testuinguru honetan, EAEko komunitate zientifikoak hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu ditu aste honetarako.
Astelehen honetan, arratsaldeko 17.00etan, asanblada irekia ospatu dute UPV/EHUko Leioako campusean. Asteartean, apirilaren 5ean, ‘Energia-jaitsieraren aroa’ titulatutako hitzaldia ospatuko dute Gasteizko Micaella Portilla zentroan, goizeko 10.00etan. Bertan, CSICeko Antonio Turiel zientzialaria izango da hizlaria.
Ostiralean, apirilaren 8an, Leioako campuseko Arte Ederren Fakultatean ‘Lur arrasean’ izenburuko erakusketaren agur ekitaldia egingo dute eta, azkenik, larunbat goizean, hilaren 9an, ‘Toxic tour, garapen eredu estraktibistaren energia jarraituz’ tour informatiboa egingo dute klimaren inguruko UPV/EHUko hainbat doktore eta eragile ekologistekin.
Extinction Rebellion
Scientist for Extinction Rebellion nazioarteko talde ekologistaren azpitalde bat da. Extinction Rebellion ezaguna da desobedientzia zibileko hainbat protesta baketsu aurrera eraman izanagatik, protesta esanguratsuenak Ingalaterran izanik.