INFO

Viktoriak eta Ibrahimek, Ukrainako gerratik ihesi, Gazan bilatu dute babesa

Nora eta Gazara joatea erabaki dute Viktoria Breij eta Ibrahim Saidam gazteek, gerratik ihesi. Kieven bizi ziren, eta han ari ziren ikasten Errusiaren inbasioa eta gerra hasi zenean. Gazako errealitatea ezagututa ere –Ibrahim palestinarra da– seguruago sentitzen dira bertan.

Viktoria Breij eta Ibrahim Saidam, Gazan, euren pasaporteak erakusten. (Said Jatib | AFP)

Ukrainatik ihes egitera behartuta, Viktoriak eta bere senar Ibrahimek hautu zaila egin behar izan zuten: alde egin, bai, baina nora? Haien erabakiak azkar asko eraman zituen senarraren herrialdera, Gazara, gerra giroa urteetan pairatu eta Israelen etengabeko erasoen eta blokeoaren zigorra jasaten duen enklabe palestinarrera.

Vinnitsia herrian jaioa, Kieven hegoaldean, 200 kilometrora, Viktoria Breijek 21 urte zituen eta Farmazia ikasten ari zen Ukrainako hiriburuan Ibrahim Saidam, 23 urtekoa, aurkitu zuenean.

Saidam Bureijekoa da (Gazako errefuxiatu kanpaleku bat), eta Medikuntza ikasten ari zen. Elkar ezagutu eta bi urtera ezkondu egin ziren.

Otsailaren 23an hasitako inbasioaren ondoren indar errusiarrek aurrera egitean, bikote gazteak Kiev uztea eta Vinnitsiara itzultzea erabaki zuen.

Baita ere, otsailaren bukaeran, maletak egin eta, beste milioika pertsonak bezala, Ukrainatik ihes egitea. Herria ere ez zen segurua. Eta egoera beldurgarria zen.

«Ohartu ginen ez genekiela hurrengo egunean zer gertatuko zen. Egunetik egunera hildakoen eta zaurituen kopurua gora zihoan», azaldu du neska gazteak.

Vinnitsiako aireportuan bederatzi pertsona hil zituen Armada errusiarraren bonbardaketak martxoaren 7an, Ukrainako agintarien arabera. Erasoak etxe ondoan zituzten jada.

«Senarrak eta biok Ukraina baino toki seguruagoa aurkitu behar genuen, eta bere herria aukeratu genuen, Gaza», azaldu du neskak. Ezin izan dio negarrari eutsi eraso errusiarrek suntsitutako eraikinen bideoak bere telefonoan erakusten hasi denean.

«Lagunak eta familia han utzi genituen eta gutxi dakigu beraietaz», adierazi du.

Ukraina baino seguruago

Minibus batean atera ziren Ukrainatik eta gero oinez abiatu ziren Errumaniarantz. Han hegazkin bat hartu zuten Kairoraino eta ondoren Egiptoren eta Gazaren arteko Rafah pasabidea zeharkatu zuten.

Gazan ere kezkatuta daude segurtasun faltagatik, baina gaur egun eskualde hau Ukraina baino seguruagoa dela uste dute.

Viktoriak dio ezagutzen duela herrialde palestinar pobre eta txiki honen errealitatea, hamabost urtez israeldarren blokeoaren pean bizi dela eta Israeletik azken urteotan lau eraso handi jasan dituela, noizbehinka izaten diren beste bonbardaketez gain. Horri gehitu behar zaio Zerrenda gobernatzen duen Hamas mugimendu palestinar islamistak ere erantzun egiten diela eraso horiei.

Azken gatazka nagusia duela urtebete baino gutxiago izan zen, 2021eko maiatzean. Hamaika egunetan, eraso israeldarrek 260 hildako eragin zituzten Gazan eta 14 Israelen.

Ordutik, egoera lasaiagoa bada ere, noizbehinka tentsioa igotzen da.

«Gerra bat izan da hemen, iaz, eta hori berriro has daiteke, baina Ukraina uztera behartuta izan garenean, Gaza segurua zen», adierazi du gazteak.

Saidamen esanetan, Vinnitsiako egoera beldurgarria zen, «suntsigarria», Israelek Gazaren aurka egindako erasoetan etxean zela bizi izan zuenaren antzekoa.

Etorkizuna kolokan

«Ez dakigu zer gertatuko den bihar. Espero dugu eta erregutzen dugu ahalik eta onena izan dadin», gaineratu du Viktoriak.

Gazte ukrainarra islamera bihurtu zen ezkondu ondoren eta hitz gutxi batzuk besterik ez du egiten arabieraz.

Ia 2.500 ukrainar daude gaur egun Gazan, Ramallahen (Zisjordania, Israelek 1967tik okupatua) dagoen ordezkaritza diplomatiko ukrainarraren arabera. Gehienak Ukrainan ikasi duten palestinar gizonekin ezkondutako emakumeak dira.

«Hiru gerra bizi izan ditut Gazako Zerrendan eta horrek nolabaiteko eskarmentua eman dit», azaldu du Ibrahim Saidamek. Txukun orraztuta dago eta ukraineraz garbi hitz egiten du.

«Gerra hasi baino astebete lehenago, hornigaiak prestatu nituen. Baina ez genuen espero hain gogorra izango zenik», gaineratu du.

«Europako herrialderen batera joan gintezkeen asiloa eskatzera, baina nahiago izan dut Gazara itzuli, hemen seguru sentitzen naizelako eta ohiturak ezagutzen ditudalako», azaldu du.

Hala ere, Medikuntzako laugarren urtea ikasten ari den gazte hau emaztearekin Ukrainara itzultzeko irrikatzen dago, gerra bukatu bezain pronto, emaztearen familia ikusteko eta ikasketak bukatzeko.

Viktoriak bere herria uzteko erabakia «zail samarra» izan dela adierazi du, baina «lasaitasun moduko bat» sentitzen duela senarraren senideen artean egonik.

Aspaldian ezagutu nahi zuen bere familia politikoa baina ez zuen espero baldintza hauetan izatea.

Halaber, eskerrak eman dizkie bere auzo berriko biztanleei, eman dioten harrera beroagatik, eta Gazako zein Ukrainako «jendeak bizitza zoriontsu eta segurua izatea» espero du.

Gaur egun, senarraren familiaren etxean bizi da eta ondo sentitzen da. Hala ere, ezin du adierazi zer-nolako beldurra eta izua sentitzen duen Ukrainan gelditu diren ahizparekin eta nebarekin hitz egiten duenean.

«Oraindik ezin dut sinetsi gertatu dena ametsa ez izatea, ikaragarria da. Amets egiten dut senarra eta biok etxera itzuliko garen egunarekin».

Ukrainan egindako inbasioaren ondorioz, Errusiak otsailaren 24an erasoaldi militarra abiatu zuenetik joan den asteartera arte, lau milioi pertsona inguruk utzi dute herrialdea, Errefuxiatuentzako NBEren Goi Mandatariaren (UNHCR) arabera. Beste hamar milioi pertsonak utzi dute euren etxea, eta Ukraina barruan mugitu.

Bestalde, hildako zibilak 3.039 izan dira, Giza Eskubideen NBEren Goi Mandatariaren Bulegoak (OHCHR) emandako datuen arabera.