INFO

Erresuma Batuko Gobernuak energia nuklearra sustatuko du zortzi erreaktore berrirekin

«Mendekotasuna murriztea». Hori da Boris Johnsonek aurkeztu duen energia plan berriaren helburu nagusia. Zortzi erreaktore berrirekin, energia nuklearra du buru, baina energia eolikoa, eguzki energia eta hidrogenoa bultzatzea ere jarri ditu jomugan, baita petrolio eta gas ustiaketa berriak ere.

Angleseyko Wylfa Newydd zentral nuklearrean ezarri nahi du erreaktore berrietako bat. (Paul ELLIS | AFP)

Erresuma Batuak zortzi erreaktore nuklear berri eraikiko ditu hurrengo hamarkadan, «energia eskuragarriagoa ekoiztera» eta «independentzia energetikoa bultzatzera» bideratutako estrategia berri baten barruan, Gobernu britainiarrak ostegun honetan iragarri duenez.

Iragarpena, azken asteetan hainbatetan atzeratu ostean, testuinguru oso zehatz batean egin da: pandemia eta Ukrainako krisien baitan emandako prezioen igoera eta Erresuma Batuko udal hauteskundeetarako lau aste falta direnean.

Britainiako Segurtasun Energetikoaren Estrategia izeneko planak egungo zentro nuklearretan zortzi bat erreaktore eraikitzea da (orain arteko planean hamarkada bakoitzeko erreaktore berri bakarra proposatzen zen). Hedabide britaniarretan atera diren lehen izenak Galeseko Anglesey, Ingalaterra ekialdeko Leiston, hego-mendebaldeko Hinkley eta mendebaldeko Gloucestershire eta Moorside izan dira.

Era berean, energia eolikoa, eguzki energia eta hidrogenoa bultzatzea du helburu, «epe laburrean» petrolio eta gas britainiarraren ekoizpena ere babesten duen bitartean.

Gobernuaren hitzetan, 2030 urterako sortutako elektrizitatearen %95 karbono gutxiko isurketekin egin daiteke. Estrategia horrek energia nuklearraren azelerazio esanguratsua ikusiko du, 2050erako energia iturri horretatik datozen 24 GW-rainoko anbizioarekin.

Helburua itsasoko energia eolikoa ere bultzatzea da, 2030erako 50 GW ekoizteko. «Erresuma Batuko etxe guztiak elikatzeko nahikoa baino gehiago», agintarien arabera. Era berean, udazken honetan Ipar Itsasoko petrolio eta gas proiektu berrietarako lizentzia-erronda bat abiarazteko asmoa du Londresek. Tartean, Eskoziako Shetland irlako Cambo putzua egon liteke, gaur egun ustiatu gabe dagoen putzurik handiena eta uhartearen iparraldean eztabaida asko sortzen duena.

Eta azkar erantzun du eskoziar Gobernuak, edozein plan berri blokeatzeko bere ahalmenak erabiliko dituela iragarriz. Michael Matheson Energia ministroak adierazi du energia nuklearrak «ingurumen inpaktua duela, segurtasun arazoak planteatzen dituela eta etxeetako fakturak handituko dituela». Planaren arabera, erreaktorerik ez da aurreikusten Eskozian, baina petrolio eta gasaren ustiaketatik etor daiteke gatazka.

Berez, Ipar Itsasoan petrolioa eta gasa zulatzea ez dator bat ere Londreseko Gobernuaren helburuekin. Hala ere, hidrokarburoen tokiko ustiapenak beste toki batzuetatik hornidurak inportatzeak baino karbono gutxiago isurtzen duela defendatu du ostegun goiz honetan Boris Johnsonek.

Bestetik, planak jasotzen duenez, Erresuma Batuko 14 GWko egungo eguzki ahalmena handitzea bilatuko dute, «2035erako bost aldiz haz daitekeena, 2030erako karbono isuri baxuko hidrogeno ekoizpena handitzea laguntzen duen bitartean».

Era berean, Zerbitzu Geologiko Britainiarrak «inpartzialki» berrikusiko du eskisto gaserako fracking-a modu seguruan egin daitekeen. Iragarpen horrek ere, ziurrenik, amorrua eragingo du ingurumen ekintzaileen artean, bereziki 2019an prozesuari luzamendu bat ezarri ondoren.

«Mendekotasuna murriztu»

«Plan ausartak ezartzen ari gara Erresuma Batuan, bertan ekoitzitako energia eskuragarria, garbia eta segurua handitzeko eta bizkortzeko, energia nuklear berritik hasi eta itsasoko energia eolikoraino», adierazi du gaur Boris Johnsonek, Erresuma Batuko lehen ministroak, sareetan eskegitako bideo batean.

«Horrek murriztu egingo du kontrolatu ezin ditugun nazioarteko prezio lurrunkorren eraginpean dauden energia iturriekiko dugun mendekotasuna, faktura merkeagoekin energia autosufizientzia handiagoa izan dezagun», gaineratu du.

Gobernuaren arabera, estrategia berriak enplegua ere handituko du, 2028rako 90.000 lanpostu sortuko baitira itsas energia eolikoan, aurretik aurreikusitakoa baino 30.000 gehiago; 10.000 eguzki energiaren sektorean 2028rako, aurreko aurreikuspenen ia bikoitza; eta 12.000 hidrogenoaren industrian 2030erako, aurrez aurreikusitakoa baino 3.000 gehiago.