INFO

Denboraldi hasieran etxetik kanpo izandako lehiakortasuna berreskuratzeko beharra

Urtarrila amaieran Vallecasen irabazi zuenetik, talde zuri-gorriak galdu egin ditu San Mamesetik urrun jokatu dituen lau partidak azken bi hilabeteetan. Bolada txarrari amaiera eman nahiko diote Txapeldunen Ligan Bayern gainditu berri duen Vila-realen zelaian.

Yeray Vila-realen kontra jokatzeko prest egongo da. (@AthleticClub)

Denboraldi hasieran Athleticek emaitza hobeak eskuratu zituen etxetik kanpo San Mamesen baino. Marcelinoren joko moldearekin taldeak oso estu hartzen zituen aurkariak eta lehen partida abenduan galdu zuen Bernabeun, Ligako liderraren zelaian. Lehen itzulian etxetik kanpo galdu zuen partida bakarra izan zen.

San Mamesen aldiz, hiru galdu zituen, edo lau kontuan hartzen bada Real Madrilen kontrakoa gabonetara aurreratu zela Superkoparengatik. Saudi Arabian heldu zen bigarren porrota talde berdinaren aurka txapelketa hortako finalean. Urtarrilaren erdialdean izan zen hori. Hilabete hortan Athleticek beste hiru garaipen eta berdinketa bat Mendizorrotzan lortu zituen etxetik kanpo.

Vallecasen erdietsi zuen azken garaipena Nico Serranoren gol bikain bati esker. Rayok etxean galtzen zuen denboraldiko lehen partida izan zen eta geroztik gainbeheran dator Andoni Iraolak zuzentzen duen taldea.

Athleticek emaitza hobeak lortu ditu San Mamesen azken sasoian. Ez du partidarik galdu Kopan; Espanyol, Reala, Levante eta Elx gainditu ditu eta berdinketa bat atera zuen Getaferen kontra Ligan.

Etxetik kanpo berriz, lehiakortasuna galdu du. Partida kaskarra egin zuen Mallorcan (3-2), azken minutuetan eskura zuen puntua galduz, eta jipoia jaso zuen Camp Noun Bartzelonaren kontra (4-0). Kopako finalerdietan galdu egin zuen Mestallan (1-0) eta berdina gertatu zitzaion Betisen zelaian jokatutako azken partidan. Gainera golik egin gabe dago azken hiru partidetan eta aukera gutxi ere sortu ditu. Sailkapenean gora egin nahi badu, derrigorrezkoa izango du azken txanpan emaitzak hobetzea.

Iñaki Williams Betisen aurka jokatutako azken partidan. (@AthleticClub)

Ceramica estadioa ez da zelairik aproposena Athleticentzat bolada txarrari amaiera emateko, jokatutako partiden erdia baino gehiago galdu egin baititu, nahiz eta azken lau bisitetan ez duen porrotik jaso.

Zuri-gorriek beren alde izango dute Vila-real nekatuta iritsiko dela norgehiagokara eta Txapeldunen Ligan pentsatzen. Bayern gainditu berri du etxean (1-0) eta datorren asteartean Munichen jokatuko den itzulerak baldintzatuko du Unai Emeryren planteamendua. Pau Torres erdiko atzelaria zigorturik dago eta ziurrenik atsedena emango die ohiko hamaikakoan izaten diren hainbat jokalariri. Dia aurrelari senegaldarrak eta Foyth atzelari argentinarrak arazo fisikoak dituzte eta zalantzan dago larunbatean egon ahalko diren.

Athleticen Iñigo Martinez eta Yeray jokatzeko prest egongo dira. Ez dago berririk Dani Garciaren inguruan, nahiz eta Marcelinok larunbatean bueltan egon zitekeela esan zuen joan den astean. Iñigo Lekuek giharretako lesio bat dauka eta Lezaman bakarrik entrenatzen aritu da.

 

Korrika eta Bilbao Athletic

Euskararen aldeko lasterketa asteazken gauean igaro zen Bilbotik eta Athleticeko ordezkariek San Mames inguruan hartu zuten lekukoa. Joxe Anjel Iribar, Aitor Elizegi presidentea, Yuri bere semearekin eta Garazi Murua izan ziren bertan.

 

Bestalde, Bilbao Athleticek lau puntuko aldea izaten jarraitzen du jaitsiera postuekiko. Talavera de la Reina taldeak galdu egin zuen Valladolib B-ren aurka atzeratuta zeukan partida. Igandean Deportivoren aurka neurtuko dituzte indarrak Lezaman eguerdiko 12.00etatik aurrera. Bigarren postuan daude galiziarrak eta zuri-gorriek puntuak behar dituzte atzeko postuetatik ihes egiteko. Klubak autobusak antolatu ditu Bilbotik partida ikustera joateko.