INFO

«Mugarri» izango den Aberri Eguneko egitarau anitza aurkeztu du EH Bilduk

Apirilaren 17an Iruñean ospatuko duen Aberri Egunaren egitaraua eta kokapen politikoa aurkeztu ditu EH Bilduk, «inflexio puntua» izateko helburuarekin. Manifestazioaz gain, hainbat ekimen kultural izango dira.

EH Bilduk Aberri egunaren egitaraua aurkeztu du. (EH Bildu)

EH Bilduk apirilaren 17an Iruñean antolatuko duen Aberri Egunari begirako egitaraua aurkeztu du ostiral goiz honetan Sarasate Pasealekuan eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, Bel Pozueta Madrilgo Kongresuko diputatuak eta Garbiñe Bueno Iruñeko zinegotziak hartu dute hitza kokapen politikoa egiteko eta egunaren nondik norakoak azaltzeko.

«Azken egun hauetan agerian geratu da euskara eta euskal kultura presente daudela Nafarroan, inoiz baino biziago. Herrialde honetan, batzuei ez gustatu arren, euskara gure bizitzaren erdigunean dago. Aurten, herri honetako jendarteak eta kulturak pairatzen duen zapalkuntzak eta ukazioak 500 urte betetzen ditu, eta gaur baieztatu dezakegu euskal herritarrek Nafarroaren hauspo izaten jarraitzen dutela eta, batzuei min egiten badie ere, Iruñeak Euskal Herriko hiriburu eta topagune izaten jarraitzen du, libre eta berdinen euskal errepublikaren hiriburu», esan du Pozuetak Amaiurreko guda gogora ekarri eta aurtengo Korrikaren arrakasta balioan jarrita.

Hala ere, autoritarismoa oso presente dagoela nabarmendu du: «Gaurko egunez, ez dira gutxi herri honi bere identitatea, bere historia, bere askatasuna eta bere kultura ukatzen diotenak. Ez dira gutxi edozer egiteko prest daudenak haien ideia autoritarioekin bat ez datorren edozein ahots isilarazteko». Eta horregatik kalera ateratzeko garrantzia azpimarratu du.

Pozuetak argi utzi du EH Bilduk ez duela Amaiurko efemeridea «besterik gabe» goraipatuko ezta «euskal abertzaletasuna era huts batean idazteko asmoa». Koalizio subiranistarentzat, Aberri Eguna «elkargune eta batasun eguna izan behar da, herri hobe baten bidean aurrerapauso bat emateko eguna: anitza, feminista, ekologista, zabala, plurala, askea eta euskalduna. Inflexio puntu bat izan behar da, mugarria.

Horregatik apirilaren 17an Iruñean antolatu duen Aberri Egunean parte hartzeko gonbidapena egin du.

Egitaraua

Mota guztietako jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu du EH Bilduk egun horretarako. Ekitaldi nagusia 12.00etan Golemetik abiatu eta Sarasateko pasealekuan bukatuko den manifestazioa izango da.

Sarasaten egingo den ekitaldi politikoak hiru atal izango ditu: Joseba Asiron Iruñeko zinegotzia Amaiurko gazteluaren defentsaren oroimenaz arituko da; Izar Hernandok, EH Bilduko gazte idazkariak, aurtengo Aberri Eguna etorkizunari begira kokatuko du; eta azkenik, Arnaldo Otegik Aberri Egunaren irakurketa politikoa egingo du.

Baina egitaraua ez da manifestazio eta ekitaldi politikora mugatuko. 10.00etan, joaldunak, trikitilariak eta gaiteroak egongo dira Donibanetik eta Alde Zaharretik Euskal Herriko 123 herritatik helduko diren autobusei ongi etorria emateko. Eta manifestazioa eta gero musikak eta dantzek Iruñeko kaleak hartuko dituzte berriz ere.

Arratsaldean, Gaztelu Plazan egingo da eskaintza kulturala. 17:00etan Afrikans taldeak, dantzari nigeriarrek lagunduta, ikuskizun bat eskainiko du. 18.30ean Mc Onaken kontzertua egongo da eta 20.00etan Jotak eta Larrain Dantzarekin emango diote amaiera egitarauari.

Horretaz gain, Burgoen Plazan Txiki Gunea egongo da 16.00etatik 18.30era.