INFO

Iñigo Martinezen itzuleraren zain

Garrantzirik gabeko lesio bat zirudien arren, gainkarga txiki bat, Ondarroako atzelariak hilabete darama jokatu ezinik eta azken lau partidak galdu ditu. Ikusteke dago igandean Celtaren aurka egongo den, Lezaman egin den asteko lehen entrenamenduan ez baita taldekideekin batera aritu.

Martxo hasieran, Levanteren kontra jokatutako partidan, lesionatu zen Iñigo Martinez. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Iñigo Martinezek martxoaren 7an, Levanteren aurka San Mamesen jokatu zen norgehiagokan, hartu zuen min. Bigarren zatiko 55. minutuan aldaketa eskatu behar izan zuen eta Vivianek ordezkatu zuen zelaian. 3 eta 1 irabazi zuten zuri-gorriek eta partida ostean Marcelinok ziurtatu zuenez, ez zirudien Iñigo Martinezek lesio larririk zeukanik. Gainkarga txiki batez mintzatu zen eta laster bueltan egotea espero zutela adierazi zuen.

Hala ere, geroztik aurrera jokatu diren lau partidak -Betis, Getafe, Elx eta Vila-real- galdu ditu erdiko atzelariak. San Mamesen Elxeren jokatutako azken partidaren atarikoan Marcelinok azaldu zuenez, ez zuten arriskurik hartu nahi izan Iñigo Martinezekin ezta Dani Garciarekin ere eta hurrengo jardunaldirako prest egongo zirela esan zuen.

Joan den astean ondarroarrak bi entrenamendu egin zituen gainontzeko taldekideekin batera, baina ostegunean ezin izan zuen lan saioa amaitu eta Vila-realen kontrako partidaren deialditik kanpo geratu zen. Ikusteke dago Celtaren aurka itzultzeko moduan izango den, Lezaman burutu den asteko lehen entrenamenduan ez baita taldekideekin batera aritu. Oso jokalari garrantzitsua da Marcelinorentzat. Denboraldi hontan maila bikaina erakustearekin batera hainbat gol eskuratu ditu. 2023an amaitzen zaio kontratua eta Athleticeko arduradunek luzatzeko asmoa agertu dute. Iñigo Martinezek 31 urte beteko ditu maiatzean.

Dani Garciari dagokionez, bigarren zatiko azken minutuetan zelairatu zen Vila-realen. Erdilari gipuzkoarrak, Sancetekin gertatzen den bezala, pubisean dauka mina eta gorabehera asko izaten dituen lesioa da. Bi jokalariak gainontzeko jokalariekin parte hartu dute entrenamenduan.

Mikel Vesga ere beraiekin batera aritu da. Gasteiztarrak aldaketa eskatu behar izan zuen azken partidan, lehen minutuetan zapaldu egin baitzuten eta zeukan minarekin ezin zuelako jokatzen jarraitu. Petxarromanek bete zuen bere hutsunea eta maila ona eman zuen zelai erdian jokalari gipuzkoarrak. Partida amaieran eskuin hegalean amaitu zuen De Marcosen lekuan. Bestalde, Iñigo Lekuek bakarka entrenatu du orain dela aste pare bat izandako giharretako lesioa dela-eta.

Aste Santuko oporrak baliatuz ume andana hurbildu da astearte goiz hontan Lezamara eta jokalariek zein Marcelinok hainbat denbora eman dute zaleei harrera egiten. Amorebieta taldeko entrenatzaile eta Athleticen jokalari izandako Iñigo Velez Mendizabal ere bertan izan da. Lan saioa ateak irekita burutu dute zuri-gorriek.

Tapia eta Celtaren egoera

Celtak berdinketa bat besterik ez du lortu jokatu dituen azken lau partidetan. Sailkapenaren erdialdean dago eta zortzi puntuko aldea dauka jaitsiera postuekiko. Golak egiteko zailtasunak izaten ari da azken boladan. Iago Aspas da taldeko ikurra 13 golekin eta 9 egin ditu Santi Minak. Azken hau emakume bat bortxatzeagatik epaitu berria izan da eta erabakiaren zain dago.

Renato Tapia erdilari peruarra jokatzeko moduan egongo da San Mamesen. Galiziarrak puntuak pilatzen saiatuko dira denboraldi amaieran maila mantentzeko arazorik ez izateko.