INFO

Janaria erostea odisea bilakatu da Txinako hiri aberatsenean

Shanghai Txinako hiri aberatsena da. Bertako 25 milioi biztanleak konfinamendu zorrotza betetzen ari dira orain arte izan den covid-19 agerraldirik indartsuenagatik eta janaria eskuratzea ia-ia odisea bat bilakatu da.

Boluntario batzuk barazkien banaketa gainbegiratzen Shanghaiko Pudong barrutian. (Liu JIN | AFP)

Txinako agintariek konfinamendu zorrotza ezarri zuten Shanghain, orain arte izan den koronabirus agerraldirik handiena eteteko asmoz. Egunero 25.000 kutsatze baino gehiago daude, omikron aldaerak eragindakoak, gehienak asintomatikoak, eta agintariak orain arte Txina osoan erabili duten estrategia aplikatzen ari dira: konfinamendu zorrotzak, test masiboak eta mugak ia erabat ixtea.

2020ko hasieran agindu zituzten itxialdiekin alderatuta, Shanghaikoa are zorrotzagoa dela diote berri agentziek. Orduan etxetik atera zitekeen janaria erosteko, baina egunotan ia ezinezkoa da ere etxetik internet bidez eskariak egitea, saltzaile eta banatzaile asko konfinatuta daudelako. Oraindik lanean dauden 11.000 langileek furgoneta edo kanpin dendetan lo egin behar dute, beren etxeetara itzultzen badira ezin izango dutelako berriro atera.

Horrek ia aukera bakarra uzten die shanghaitarrei jana lortu ahal izateko: taldeka edo batera egindako erosketak; azken urteotan hazkunde handia izan dute Txinan.

Hiriko urbanizazio desberdinetako bizilagunak WeChat sare sozialean –WhatsApp-en baliokidea Txinan– antolatzen hasi dira, taldeka. Talde horietan etxera eramateko jakiak eskaintzen dituzte, sorta handietan, eta horrela ohiko erosle txikia handizkari bihurtzen da.

Talde horietan eskaintzak topatzen dituenak iragarri egiten du eta interesa duten bizilagunen artean dirua biltzen du. Ohikoenak oinarrizko jakiak dira, baina badaude garbiketarako produktuak edo ardoa eskaintzen dutenak ere bai.

Hori bai, azkarra izan behar da, adi egon ezean erraza baita eskaera horietako batetik kanpo geratzea.

Lehen begiratuan konplikatua dirudi sistema horrek, batez ere bertako hizkuntza ezagutzen ez duten atzerriko bizilagunentzat, baina gosea ate joka denean azkar ikasten da...

Langile bat koronabirusaz babesteko jantziarekin, Jng'an barrutian. (Hector RETAMAL/AFP)

Banatzaile gutxi

Arazoak ere baditu sistema honek: banatzaile gutxi daudenez, eskatutakoa jasotzeko epea egun batzuk atzeratu daiteke eta beste batzuetan eskariak ezeztatu egiten dituzte banatzailea produkturik gabe geratu delako.

Gainera, erosketak app bidez egiteak egoera zaurgarrian uzten ditu aplikazio horiek erabiltzen ez dakiten adinekoak. Boluntario lanetan aritzen diren bizilagunen elkartasunari esker «salbatzen» dira pertsona hauek.

Urbanizazio batzuetan, baina, ez daude nahikoa bizilagun eskaerak taldeka egiteko eta beste batzuetan jakien hornidura eskasa da. Horrek liskarrak eragin ditu eta zenbait bizilagunek urbanizazioko zaindarien aurka egin dute edo beren leihoetatik garraisika aritzen dira protestan, etsita, sare sozialetan zabaldu diren bideoen arabera.

Beste batzuek umorez hartu dute kontua eta negatibo emanez gero antigeno testean bigarren gurutze gorri bat margotzea iradokitzen duten memeak zabaldu dituzte, horrela berrogeialdia betetzeko hirian dauden eta janaria ziurtatuta duten zentro batera eraman dezaten jendea.

2021 bukaeran, Gobernu txinarrak hiritarrei beren janaritegia beteta edukitzeko gomendioa egin zien, larrialdi egoeretarako prest egoteko. Baina askok hasiera batean iragarri ziren epeak aintzat hartu zituzten: koronabirus kasuak atzematen ziren urbanizazioetan 48 orduko itxialdia agindu zuten martxoan, gero 12 egunez luzatu zen eta azkenean hiriaren erabateko itxiera iritsi zen. 

Janari poltsak

Egoera horretan, bizilagun askok jaki falta salatu dute eta agintariek baraki, arrautza, haragi, arroza fideo edo olioa duten poltsak banatu dituzte, nahiz eta auzoaren arabera produktuak eta kantitatea desberdinak diren.

Nolanahi ere, barruti batzuetako bizilagunek adierazi zutenez, haragia egoera txarrean jaso zuten eta horren ondorioz ikerketa ofiziala ireki zuten. Kontsumitzaileen beharrak aprobetxatuta prezioak puztu dituzten ehun saltoki baino gehiago ere ikerketapean dituzte eta isunak jarri dizkiete.

Shanghaiko Gobernuak iragarri du itxialdia soilik azken hamalau egunetan positiborik atzeman ez den komunitateetan altxako dela, baina bertako bizilagunak bakarrik beren barrutian mugitu ahal izango dira eta bilerak «oso zorrotz mugatuko dira».

Oraindik ez dago hiri osoan konfinamendua altxatzeko data ofizialik.