INFO

Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek

Aurreko urtean 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatu ondoren, ezezko erantzunak jaso izana salatzen dute eta neurri hauen garrantzia azpimarratzen dute sindikatuek Kontseiluarekin batera.

Amaia Aurrekoetxea (LAB), Paul Bilbao (Kontseilua) eta Pello Igeregi (ELA), gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Duela urtebete LABek, ELAk eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko kanpaina aurkeztu zuten, 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz. Gaur asteazkenean, Bilbon egindako agerraldi bateratuan, hiru eragileek Confebask patronalaren jarrera deitoratu dute, eta «ulergaitzat» jo dute alderdi politikoen aldetik Legebiltzarrean eginiko proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana, ez eta instituzioen aldetik ere inolako babesik eta bultzadarik adierazi ez izana ere.

«Azken 40 urteetan lan mundua euskalduntzeko enpresen boluntarismoa sustatzean oinarritutako politika apalak soilik garatu dira», salatu dute sindikatuek. Horren emaitza da euskara planak dituzten entitateak gaur egun %1era ez iristea, eta enpresen botere harremanek «langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzea».

Sindikatuen proposamenak suposatzen zuen 50 langiletik gorako lantokietan langileen ordezkaritzak edo enpresarenak eskatzen dutenean enpresetako euskara-planari buruzko negoziazioa irekitzea. Ez zuen enpresetan euskara-planak garatzeko bermerik eskaintzen, soilik horri buruz hitz egitera behartzen zuen, «baina gaia mahai gainean jartzeko lehen urratsak» bezala ikusten dute.

Instituzioen erantzuna

Proposamen hori oinarri hartuta, beste sindikatuekin, alderdiekin eta instituzioekin harreman-erronda zabala egin zutela azaldu dute. Bide horren amaieran Confebaskek uko egin dio proposamenari eta ateak «erabat itxita» topatu dituztela adierazi dute, jarrera «ulertezina eta deitoragarria» iruditu zaiena sindikatuei. Halaber, Nafarroaren kasuan, CEN patronalak bide hori jorratzen hasteko ez duela interesik agertu salatu dute.

Hori bezain «ulergaitza» ikusi dute alderdi politikoen aldetik Legebiltzarrean eginiko proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana, ez eta instituzioen aldetik ere inolako babesik eta bultzadarik adierazi ez izana ere.

«Ez dakigu eragile horiek ohartzen ote diren eremu sozioekonomikoa euskalduntzeak zer nolako erronka kolosala dakarren gaur egungo gizartean. Eta atsekabetu gaitu gaur egun oraindik ere lankidetzarako proposamen zintzoari mesfidantzaz erantzunez», salatu dute sindikatuek.

Horregatik guztiarengatik, euren jarrerak berrikustera deitu nahi izan dituzte elkarrizketatu dituzten eragile guztiak: «Borondate eta konpromiso falta horrekin ez dugu uste langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzea posible izango denik».

Momentu estrategikoa

Eremu sozioekonomikoaren euskalduntzeari begira «une estrategikoan» gaudela azaldu dute sindikatuek. Datozen bi hamarkadetan Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da, belaunaldi aldaketa gertatzera doa, eta «abagune paregabea izango da eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko».

Kontrakoa ere gerta litekeela adierazi dute: «Neurri egokirik hartu ezean, eremu sozioekonomikoak erdaldunduko dira eta, ondorioz, ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak».

ELA, LAB eta Kontseilua aukera eta bide berriak aztertzen ari direla adierazi dute: «Oraingoz, CCOOrekin eta Adegirekin izan ditugun harremanetan mahai gaineratutako aukera batzuk lantzen jarraitzeko asmoa dugu».

Euskaraldia orain izango dela aprobetxatu nahi dute eta enpresaz enpresa bertan parte hartzeko dinamika bateratua martxan jartzeko asmoa dago: «Horrela, enpresek Euskaraldian izena eman dezaten lan egingo genuke eta, ondoren, enpresa horietan euskara planak martxan jartzeko aukerak landuko genituzke».