INFO

Hausnarketa espazioak berreskuratzeko martxa

Ernaik «BostEHun eta zutik!» lelopean abiatu du, gaur, Gazte Martxa. Dantzarako ez ezik, hausnarketarako aukera ere egongo dela esan du Ane Alava bozeramaileak. Gazteen ikuspuntutik, erakunderaren azken biltzarrean atera diren gaiak landuko dituzte bertan.

This browser does not support the video element.


Pandemiak zapalkuntzak bizkortu omen ditu; esaterako, kaleak «pribatizatu» eta gazteen sozializazio espazioak «kriminalizatu» zirela iritzi du Ernaiko bozeramaile Ane Alavak. Horregatik, gazte antolakundeak gaurtik igandera bitarterako deituriko udaberriko Gazte Martxa «kendu diguten espazio hori berreskuratzeko» unea dela dio. Zugarramurdi eta Baztan lotuko dituzte oinez gazte independentistek eta egitarau oparoa osatu dute. Ohi bezala, musikaz gain, hitzaldi eta tailerrak egongo dira; «hausnarketarako espazioa behar genuelako, ez soilik defentsibatik, baizik eta termino propositiboetan», azaldu du Alavak.

Izan ere, Gazte Martxak bere biltzarra amaitu berritan harrapatu du Ernai, eta egitarau politikoan bertan landutako tesiekin zuzenean lotzen dituzten gaiak barneratu dituzte gazteek, proiektua berritze aldera. Erronka berriei eusteko, «borroka ekologista» eta «transmaribollo borroka» antolakundearen planteamenduaren erroan txertatu dituzte, eta horien inguruko hitzaldiak antolatu dituzte Gazte Martxarako.

Gogoeta hori, kanpora begira ez ezik, etxe barrura begira ere landu dute, «sistema kapitalista heteropatriarkalak» egunerokotasunean iraunarazten dituen joera eta ohiturak ezabatzeko. «Ezarriak ditugun ohitura patriarkal, kapitalista, antiekologista eta arrazistak deseraiki behar ditugu. Urrats feminista berri bat egin behar dugu; euskararen erabileraren auziari ere heldu diogu, eta, transmaribollo borrokan hasi nahi dugunez, horren inguruko ezagutza teorikoa eta deseraikitzea exijitzen zuen», gaineratu du Alavak.

Azken urteetako inertzia horiek integratzea ez da erraza aspaldi sortutako antolakundeetan. Kanpotik datorrenari distantziatik heltzen diote: «Baditu erresistentzia batzuk eta horiek gu geu gara, askotan saiatzen garelako haiek gurekin etor daitezen; eta ezin da hori izan, zubiak ireki behar ditugu, aldebikotasunez, espazio amankomunak sortuz», nabarmendu du bozeramaileak. Horretan, feminismoak ekarpen interesgarri bat egin du azken urteetan: «Zubiak eraikitzeko gaitasuna erakutsi du, bere baitan bestelako borrokak integratzeko gaitasuna. Asko dugu ikasteko hortik».

Hausnarketa horren ondorioetako bat da eskaintza autoritarioaren eta gizartearen atomizazioaren aurka lehiatuko den «gazte fronte» baten sorrera bultzatu behar dela, «konfluentzia espazioetatik, bestelako gazte antolatu eta ez antolatuekin elkarlanean, momentu puntual batzuetan erantzuteko gaitasun handiagoa izateko», azpimarratu du gazte antolakundeko bozeramaileak.

Herri memoria

Kontakizun bakarraren inposizioaren aurrean, «gazteoi dagokigu gatazka politikoaren errelatoan ahots propioz aritzea», esan du Alavak kongresuko gogoetak oinarri hartuta. Memoriak pisu berezia hartu du antolakundean, eta gaur egungo belaunaldiekiko transmisio falta kritikatu du. «Ez soilik 36ko gertakarien inguruan, baita gatazka armatuaren inguruan ere, eta guri dagokigu horren transmisio egoki bat egitea, inposaturiko gezurrik gabe», gehitu du.

Amaiurko batailaren 500. urteurrenak ere mugimendua eragingo du, eta Gazte Martxaren lelo gisa ‘BostEHun eta zutik!’ baliatu du gazte antolakundeak. Zugarramurditik Erratzura bidean, Amaiurren bertan ekitaldi bat egingo dute, «oroitzeko eta herri memoriaz» hitz egiteko. «Efemeridea probestu nahi izan dugu, gazteriak oraindik zutik jarraitzen duen logikari jarraituz. Nahiz eta orain dela 500 urte eustea tokatu zitzaigun oraindik hamar mila borroka ditugu, baina ofentsibara jausteko momentua da, imajinatzen dugun euskal errepublika sozialista eta feminista hori eraikitzeko momentua», nabarmendu du.

Halaber, Iruñean egingo den Aberri Eguneko ospakizunarekin egin dute bat Ernaiko gazteek, eta igandean autobusak abiatuko dira Elizondotik Iruñera, goizeko bederatzietan. «Edozein naziok bezala, komunitatea, pertenentzia, garena aldarrikatzeko momentu bat da, eta gogotsu hartzen dugu, existitzen garela aldarrikatzeko aukera izango dugulako, baina baita aurreko egunetan sortu dugun giro polit eta onarekin Iruñean jarraitzeko aukera ere», azpimarratu du Ernaiko kideak. Aberri Eguna baino lehen, ordea, ostiral arratsalde eta larunbatean zehar egitarau politikoa garatuko dute gazteek, burujabetza prozesuaz ertz ezberdinetatik hausnartzeko. Prozesu independentistaren erronkei buruz eztabaidatuko dute zenbait gonbidaturekin, baina baita kooperatibez, «harrera herria» izatearen garrantziaz edota Saharaz, komunikazioaz eta memoriaz.

Larunbatean, ‘Borrokak egiten gaitu aske’ izenburuko hitzaldi nagusia izango dute, zeinean gazte borrokaren inguruan arituko diren Ane Alava, Txomin Aiartza eta Manu Martinez. Aurretik, euskara, etxebizitza eta elikadura izango dira hizpide, eta prozesu independentistei buruz ere hitz egingo dute gazteen ikuspuntutik, Sinn Fein-eko, Arraneko eta Ernaiko gazteek osaturiko mahai-inguruan. Tailerrak ere egongo dira eta haurrentzako ikuskizuna. Ondoren, ekitaldi politikoak emango dio amaiera ekimenari.