INFO

EH Bairen hautuak, «eskuin muturrari bozka bat ere ez» eta hurrengo gobernuaren kontra

Frantziar hauteskunde presidentzialetarako lehen itzuliak ez dituela jendartearen arazoak tratatu salatu du EH Baik. Apirilaren 24ko lehiari begira zerbait argi du, ordea: «Eskuin muturrari bozka bat ere ez. Bakoitzak erabakiko du nola aurre egin horri».

Ekaineko hauteskundeei begira jarri da jada EH Bai. (Bob Edme)

Macron eta Le Penen arteko lehia erabakiorrari begira posizioa zehaztu du EH Baik ostiral honetan.

«Gure  mugimendua beti borrokatu da eta borrokatuko da eskuin muturrak aitzinean ematen dituen ideia horien aurka. Xenofoban, bazterkerian, homofobian eta ideia antiidentitarioetan oinarritua den Marine Le Penen proiektua oztopatu behar dugu. Izan karrikan edota bozka bidez.

EH Baik, eskuin muturrari bozka bat ere ez ematera deitzen du», azaldu du prentsa ohar batean.

Lehenengo itzuliari buruz irakurketa garbia egin du: «Testuinguru berezi eta beldurgarrian iragan den kanpaina honek, ez ditu inondik inora, egun, jendartean indarrean diren problematikak tratatu».

Are gehiago, eskuin muturraren ideien garatzea «azken urteetan eta urtez urte errotu eta aplikatu den politika liberalaren ondorio zuzena direla» salatu du. «Honek, jendartearen arteko desberdintasunak areagotu ditu prekaritatera bultzatuz eta krisi klimatikoa larrialdi egoera oraindik gehiago lanjerean eman ere».

Hilaren 24ko bigarren itzuliari begira, beraz, «egoera ez zaigu batere komeni. Barne mailan martxan jarri dugun prozedura baten ondorioz, EHBaik, bigarren itzuli honetarako bozka kontsignarik ez ematea deliberatu du. Bakoitzak erabakiko du nola aurre egin eskuin muturrean eta politika neoliberalean oinarrituak diren ideieri».

«Hala eta guztiz ere, EH Baik, gaurdanik adierazten du heldu den gobernuarekiko izanen duen kontrakotasuna. Orain, ekainean iraganen diren hauteskunde legegileei begira jartzen gira, nun EH Bai bozka buletinak presente izanen diren ipar Euskal Herriko bozka bulego guzietan. EHBairen aldeko bozka, azken urteetan Ipar Euskal Herrian eraman diren hamaika borroken alde bozkatzea izanen da: laborantza iraunkorra, klimaren aldaketaren kontrako borroka, etxebizitzaren aldeko borroka».