INFO

Elizondora iritsi da ostiral honetan Ernaik antolatutako gazte martxa

Ernaik antolatutako Gazte Martxa Elizondora heldu da ostiral arratsalde honetan. Zugarramurdi, Amaiur eta Erratzutik pasa ondoren, Elizondon egongo dira gazteak bi egunez eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari.

Erratzutik Elizondora joan da gaur ‘BosteEHun eta Zutik’ gazte martxa. (ERNAI)

Zugarramurditik irten zen atzo goizean Ernaik antolatutako ‘BostEHun eta zutik!’ gazte martxa eta, gaua Erratzun pasa ondoren, Elizondora heldu dira gaur arratsaldean. Ibilaldi aldapatsua gainditu eta gero, orain hitzaldi, mahainguru, tailer, ikuskizun eta kontzertuez gozatzeko aukera izango dute gazteek.

Atzo gaueko kontzertuez gozatu eta lo egin ondoren, goizeko 10.00ak aldera hasi dira ibiltzen gazteak giro alaiaz.

This browser does not support the video element.

 

Gaurko ibilbidea atzokoa baino suabe samarra izan da, eta arratsaldean Elizondora iritsi dira.

Gazte Martxaren giro ona nabarmendu dute gazteek Elizondora iristean. «Giro oso polita dago eta eguraldiak ere asko laguntzen du», adierazi du partaide batek, gazte gehienen iritzia partekatuz.

16.30ak aldera hasi da egitaraua Elizondon hainbat hitzaldi eta tailerrekin. Besteak beste, Euskal Herriko prozesu independentistaren erronketaz, aliantza feministetaz eta osasun mentalaz hausnartzen aritu dira lehenengo ordu horretan.

Ondoren, beste hitzaldi batzuk egon dira: ‘Euskal Herri burujabea eraikitzen’, ‘Abertzaletasuna XXI. Mendean’, ‘ Bollera x trabesti genero disidentziaz’, ‘Mugimendua sortuz hezkuntza eraldatu’, ‘Memoria gazte ahotsez’, ‘Komunikazioa (ez) da bide bakarra’, ‘Euskal Herria ekologistarantz’…

Kontzertuak

Gauean Willis Drummond, Crim, Skakeitan, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Dupla, XSakara eta Skabidean taldeak igoko dira oholtzara giroa alaitzeko.

Bihar Elizondon izango dira ere, hitzaldi eta mahainguruz gain, 20.30ean ekitaldi politiko nagusia izango da. Ondoren DJ Reimy, Erroka, Madame Birrots, Iheskide, McOnak, Perlata, Tremenda Jauria, Xiberoots, Ibil Bedi, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass eta Romea alaituko dute gaua.