INFO

Milaka lagun atera dira Frantziako hiri nagusietako kaleetara eskuin muturraren aurka

Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren aurkako manifestazioak errepikatu dira larunbat honetan Frantziako hainbat hiritan. Sindikatuek eta SOS Arrazakeriak deitu dituzte manifestazioak, «Eskuin muturraren aurka eta justizia eta berdintasunaren alde».

Le Penen aurkako manifestazioa Parisen. (Thomas COEX | AFP)

Milaka pertsona atera dira kalera larunbat honetan Frantziako hainbat hirietan, Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren aurka.

Sindikatuek eta SOS Arrazakeriak deitu dituzte manifestazioak, «Eskuin muturraren aurka eta justizia eta berdintasunaren alde» lelopean. Manifestazio jendetsuena Parisen izan da, bertan 9.200 pertsona bildu dira, Barne Ministerioaren datuen arabera.

Manifestari askok Macroni botoa emango diotela aurreratu dute, nahiz eta bere ideien aurkakoa izan, Le Pen hautatua izan ez dadin. Baina batzuk «fronte errepublikarrararen» aurka agertu dira, eta pankarta batean «Ez Macron ez Le Pen» irakurri zitekeen.

"L 'Obs" aldizkarian argitaratutako azken inkestaren arabera, Jean-Luc Melenchon ezkertiarraren boto-emaileen %40 abstenitzeko edo boto zuria emateko prest egongo litzateke apirilaren 24an, %29k Le Peni emango lioke botoa eta %31k Macroni.

Ezkerreko beste buruzagi batzuek ez bezala, Mélenchonek Le Penen aurka bozkatzera deitu du, baina ez du Macronen aldeko botoa eskatu.

Le Penen erantzuna

Le Penek gogor kritikatu ditu gaurko mobilizazioak, haren esanetan, adierazpen «guztiz antidemokratikoa» delako.

«Iruditzen zait hauteskundeen emaitzen aurkako adierazpenak guztiz antidemokratikoak direla. Hauteskundeak ez dira kaleetan inpugnatzen», deitoratu du Le Penek.