INFO

Aitor Etxebarria musikariak ‘Gernika 85.’ obra sinfonikoa konposatu du

Gogora Institutuak laguntza eskaini dio Etxebarriari bere lana sortu dezan. Gernikako musikariak bere jaioterriaren bonbardaketaren 85. urteurrenerako konposatu du omenaldi sinfonikoa, eta ekainaren 30ean estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian.

Aitor Etxebarria bere lehen lan sinfonikoaren aurkezpenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua elkarlanean ari da Aitor Etxebarria konpositore garaikidearekin ‘Gernika 85.’ obra sinfonikoa taularatzeko. Gernikako musikariak bere jaioterria omentzeko sortu du obra hau, bonbardaketaren 85. urteurrena betetzen denean, eta zuzenean aurkeztuko da 2022ko ekainaren 30ean Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditorioan.

Gogora Institutuak proiektu honetarako utziko ditu kontzertuan zehar proiektatuko diren bonbardaketatik bizirik atera zirenen bideo-testigantzak, lehen pertsonan izugarrikeriatik eta sutatik bizirik atera ziren ahotsak ikusaraziz. Testigantza horiek 2018an zehar grabatu ziren eta, 2019az geroztik, Gernikako Bakearen Museoan daude ikusgai.

Obra Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko du, Mikel Fernandezek zuzenduta, eta Evelyn Glennie perkusio jotzaile eskoziar ospetsuak (bi Grammy sari irabazi zituen), Gernikako Gaudeamus abesbatzak eta Etxebarriak berak hartuko dute parte.

‘Gernika 85.’ Etxeberriaren lehen konposizio sinfonikoa da, lau mugimenduz osatua. Lanak isiltasunak protagonismoa hartzen duen pasarteak eta estetika eszentrikoen eta paisaia minimalisten bidez soinu-ibilaldi batean dinamika gailena duten beste batzuk konbinatzen ditu.

Glennieren ekarpena

Honakoa, Glennie eta Etxebarriaren arteko bigarren lankidetza da, 2019an film baten soinu-banda sinatu ondoren. Sinergia horren ondorioz sortu zen eskoziarrak proiektu honetan parte hartzea. Mundu osoan ezaguna den perkusio jotzaile honek, Björk edo Mark Knoplfer bezalako artistekin diskoak grabatu dituenak, konpositorearekin batera sortu ditu ekainaren 30ean berak zuzenean joko duen bakarlanaren zatiak.

Kontzertu honetarako sarrerak apirilaren 20an jarriko dira salgai Euskalduna Jauregiko ohiko bideetatik.