Bere erritmoan ito du Erik Jakak Beñat Rezusta, azkar baino presaka jokatzera behartuz (22-14)
Bergararra 0-5 hasi bada ere, lizartzarrak partida bere eremura eramatea lortu du eta ez dio inolako aukerarik eman etxean aritu den atzelariari.
Erik Jakak iaz defendatzerik izan ez zuen txapela defendatzeko asmoarekin jarraitzen du eta astelehenean Irribarriarekin egin zuen bezala, Beñat Rezusta bere erritmoan ito du final laurdenetako ligaxkari hasiera eman dion partidan. Horretarako, 2020an txapela janztera eraman zuen joko mota berreskuratu du lizartzarrak, hau da, sakearekin eta hurrengo pilotakadarekin arerioa estutu eta partidari erritmoa ezarriz, aurkaria berari gehien komeni zaion abiadura biziko eta galgarik gabeko lehia bihurtuz. Lehenengo 13 tantoak 33 jokatu dira eta tarte horretan Beñat Rezustak azkar eta presaka jokatzea nahastu ditu eta lizartzarrak jarraian egindako 16 tantoak garesti ordaindu ditu.
Partida erabat gorabeheratsua izan da Bergarakoa, takadaka jokatua erabat. Hasiera kaxkarra eman dio lehiari Jakak, ia pilotakadarik jo gabe 0-5 atzetik jarri baita, erantzun gabeko lau sake utzita, horietako bi, luze joango zirela pentsatuta pasatzen utzita. Gantxo eder batekin eten du Baikokoak etxekoaren bolada eta partida erabaki duen bereari hasiera eman. Irribarriaren aurka bezala, sakea izan du oinarri lizartzarrak bere unerik onenetan. Lehen pilotakada hori asko aldatuz, orain zabalera eta orain txokora, Rezusta pilotalekuan non kokatu jakin ezinda ibili du, atzetik aurrera joan gabe, pilotarik gozatu ezinda. Izan dituen aukera gutxitan ere ez du asmatu bergararrak eta partidak eskuetatik ihes egin dio, Jaka 16-5 lehenengo eta 18-6 aurreratuta.
Beranduegi
Partida galduta ikusi duenean bakarrik ikusi ahal izan dugu denok espero genuen Beñat Rezusta. Pilotek ere distira galdu dute eta Erik Jakak ezin izan dio ordura arteko erritmoari eutsi eta, joko mantsoagoan, askoz hobeto defendatu da ezkerra. Pilota gehiago luzatzea lortu du tarte horretan Baikokoak eta behin zuloa irekita, errematerako dohainak ere badituela erakutsi du atzelariak. Ligaxkari begira garrantzitsuak izan daitezkeen tantoak lortzeaz harago, Jaka apur bat estutzea ere lortu du Rezustak (19-14), baina atzelariaren esperantzak sakez egindako falta batean agortu zaizkio.
FITXA TEKNIKOA
Jaka: 22
Rezusta: 14
Pilotakadak: 190. Iraupena: 43,59 minutu. Markagailua: 0-5, 16-5, 16-6, 18-6, 18-8, 19-8, 19-14, 22-14. Sakeak: 5 Jakak eta 4 (falta 1) Rezustak. Egindakoak: 9 Jakak eta 6 Rezustak. Galdutakoak: 4 Jakak eta 7 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera erdia Bergarako Udal pilotalekuan. Jon Eskudero aritu da Erik Jakaren botilero lanetan eta Jokin Etxaniz egon da Rezustarekin.