INFO

«Jostailu hautsi» gehiagorik ez egoteko estrategia berri bat aurkeztu du Lakuak

Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia aurkeztu du astelehen honetan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua den Beatriz Artolazabalek. Martxan jarritako kanpainaren leloak dioen bezala, helburua da «jostailu hautsi gehiagorik ez» egotea.

Astelehen honetan aurkeztu dute estrategia Gasteizen egindako agerraldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

EAEko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua den Beatriz Artolazabalek Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia aurkeztu du astelehen honetan, Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean.

Artolazabalek adierazi duenez, tresna aitzindaria da, eta helburu hauek ditu: «Haur eta nerabeenganako indarkeria mota guztiak prebenitzea, gerta daitezkeenak azkarrago detektatzea, garaiz esku hartzea, haur eta nerabeei behar duten arreta eta babesa ematea, eta, ahal den neurrian, eragindako kalteak konpontzea».

Aurkezpen ekitaldian, EDE Fundazioko Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduraduna den Ainara Cantok hurrengo lau urteetarako plan estrategiko honek aurreikusten dituen lau jarduera ardatzak zehaztu ditu.

Lehenengo ardatzak, «eskubideen sustapena eta prebentzioa azpimarratzen ditu. Estrategia horren bidez, indarkeriaren prebalentzia murriztu nahi da, gizartea, oro har, profesionalekin eta haur eta nerabeekin sentsibilizatzeko lanaren bidez. Funtsezkoa da tratu onaren kultura, erantzunkidetasuna, ingurune seguruak, haurren eta nerabeen eskubideak eta parte-hartzea sustatzea».

Bigarren ardatzaren helburua da indarkeria kasuak edo indarkeria arriskua garaiz atzematea, haien eragina gutxitzeko. Horri dagokionez, «estrategiak arreta berezia jartzen du lehen mailako sozializazio edo hurbiltasun espazioetan diharduten eragileen zereginean, haurrei eta nerabeei komunikazio eta entzute kanal irisgarriak, hurbilekoak, konfidentzialak, fidagarriak eta seguruak eskaintzeko».

Hirugarren ardatzak arreta integrala bermatzea du helburu, indarkeria egoeran dauden adingabeei laguntzeko, babesteko eta beraien beharrei erantzuteko, «biktima gisa, lekuko gisa edo agente egile gisa». Horretarako, plan estrategikoak aurreikusten du «espezializazioa eta pertsonalizazioa indartzea, bai eta erakunde edo entitateek egiten dituzten praktika desegokiei aurrea hartzea ere, haurrak eta nerabeak suspertzea ekar dezaketenak».

Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren Aurkako Euskal Estrategian (2022-2025) jasotako laugarren ardatzaren helburua da hainbat erakunde eta gizarte eragileren arteko lankidetza bultzatzea, indarkeria mota guztiak hobeto ezagutzeko eta haiei erantzuteko eraginkortasun handiagoa lortzeko.

Lakuaren esanetan, «Familien eta Haurren Zuzendaritzak gidatu, bultzatu eta koordinaturik, gaur aurkeztutako estrategiak Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde eta entitateen borondatean oinarritutako eta atxikimendu askearen bidez artikulatutako gobernantza-eredua ezartzen du».

«Gure politika publikoetan eta ekimenetan sartu behar ditugu Haur eta Nerabeentzako Indarkeriaren aurkako Estrategian zehaztutako printzipioak, ikuspegiak, irizpideak eta orientabideak. Halaber, urtero emango ditugu garatu nahi ditugun ekintzen berri, baita estrategia honen helburu eta jarduera ildoekin duten ezarpen mailaren berri ere», ohartarazi du Artolazabalek.

Esparru horretan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 44 ekintza aurreikusten ditu. Besteak beste, prestakuntza ikastaroak edo tailerrak, profesionalen topaketak, kirolean haur eta nerabeei sexu jazarpena eta abusua prebenitzeko programak edo Barnahus sexu indarkeriaren biktima diren adingabeentzako arreta integratuaren eredu esperimentala ezartzea.

Sentsibilizazio kanpaina

Estrategia sortzeko martxan jarritako prozesuan 80 bat neska-mutil eta nerabek ere parte hartu dute, eta bere ikuspegia eman dute eragiten dien indarkeriari buruz. Gaur bertan abian jarri den sentsibilizazio kanpainaren barruan, 'Jostailu hautsi gehiagorik ez' lelopean, horietako batzuen testigantzak biltzen dituen bideo bat ikusi daiteke.

Estrategia diseinatzeko, Haurren eta Nerabeen Behatokiak 2019an aurkeztutako Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen aurkako indarkeria: diagnostikoa, erronkak eta orientabideak azterlanaren ondorioak hartu dira abiapuntutzat.

Haurtzaroan eta nerabezaroan eragina duten indarkeria mota nagusiak zenbatu eta deskribatu ahal izan diren datuen artean, nabarmentzekoa da, adibidez, Ertzaintzak 2020an erregistratutako datuen arabera, 18 urtetik beherako 1.459 pertsona izan zirela delitu baten biktima, familia barruko indarkeria, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria eta familia eremutik kanpoko sexu askatasunaren aurkako delituak barne.

Sexuaren arabera, nesken kasuak mutilenak baino gehiago dira; zehazki, 2020an biktima guztien %54 izan ziren. Adinaren arabera, kasu gehienak 14 eta 17 urte bitarteko nerabeei dagozkie.

Indarkeria motari eta moduari dagokionez, familia barrukoa da ohikoena. Erregistratutako kasuen %45,5 da. 2020an Ertzaintzak 664 neska-mutil eta nerabe identifikatu zituen indarkeriaren biktimatzat bere familia esparruan, 2016. urtean baino ia %69 gehiago.

Bikotekideen edo bikotekide ohien nesken aurkako indarkeria kasuek ere hazkunde nabarmena izan dute (%25), baita sexu indarkeria kasuek ere (%24,2). 2019an, Ertzaintzak 18 urtetik beherako 206 pertsona identifikatu ahal izan zituen EAEn sexu indarkeriaren biktima gisa, eta horietatik %80,6 neskak eta emakume nerabeak izan ziren.

Hala ere, Gobernuak nabarmendu duenez, «indarkeria horren zati handi bat ez da salatzen eta, beraz, ez da erregistratzen. Hainbat arrazoirengatik ezkutatzen da. Besteak beste, errepresaliak izateko beldurra, indarkeria barneratu eta normalizatzea, salaketari lotutako estigma edo salaketa bide egokituak, irisgarriak eta isilpekoak ez ezagutzea». Estrategia berriak hori zuzentzea espero du sailburuak.