INFO

Azken metroan gailendu zaio Dylan Teuns Romandiako lider berria den Rohan Dennisi

Bahrain taldeko txirrindularia, duela egun gutxi Flecha Walloneko irabazle, azken igoeran egindako eraso batekin harrapatu du australiarra lasterketa honetako lehen etapan garaipena erdiesteko.

Dylan Teunsek (Bahrain) azken metroan irabazi dio Rohan Dennisi Romandiako Tourreko lehen etapa. (Fabrice COFFRINI | AFP)

Egun oso bereziak bizitzen ari da Dylan Teuns (Bahrain). Duela egun gutxi Flecha Wallone lasterketan garaipena erdietsi zuen, eta asteazken honetan Romandiako Tourreko lehen etapako irabazlea izan da –asteartean prologoa egin zen–. Lasterketako liderra, berriz, Rohan Dennis (Jumbo Visma) da, gaur bigarren amaitu ostean eta asteartean prologoa irabazi zuen Ethan Hayterri (Ineos) maillota kenduz. Azken honek erorikoa izan du eta ezin izan du etapa garaipenarengatik borrokatu.

Txirrindulari australiarrak garaipena eramango zuela zirudien, metro batzuetako abantailarekin hasi baitu azken igoera. Baina Bahrain taldeko flandriarrak indar guztiarekin eraso egin eta Rohan Dennisi garaitu dio. Hirugarren Marc Hirschi (UAE) izan da, bi segundora.

Hala, sailkapen nagusian, Dennisek 16 segundoko aldea ateratzen dio Felix Grossschartnerri (Bora) eta Geraint Thomasi (Ineos).

Lehen etapa honek bost txirrindulari gaztez osatutako ihesaldia izan du: Johansen, Champion, Naberman, Debons eta Thiebaud. Tropelak 4-5 minutuko aldea hartzea utzi die, baina helmugara iristeko 29 kilometroren faltan harrapatu ditu ihesaldian gutxi gorabehera 150 egon ostean.

Ineosek hartu du protagonismoa tropelaren aurrean, baina Hayter, arraroa bada ere, atzean geratu da. Eta agian horregatik sufritu du erorikoa beste zenbait txirrindularirekin batera 13 kilometroren faltan. Bertan ziren baita ere Ion Izagirre eta Rigoberto Uran, besteak beste.

Ineosek ez du frenatu eta Geraint Thomas nahi zuen lider bezala. Orduan Remi Cavagnak tropeletik salto egin du, baina Ineoseok eta Jumbo Vismak ez diote distantzia asko utzi eta, deorden horretan, Rohan Dennisek hartu du protagonismoa. Bere azeleratzeari ez dio inork erantzun eta azken metroak, igoeran, bakarka egin ditu.

Garaipena eskuetan zuen australiarrak, baina ikusi behar izan du nola eskuinetik Tylan Deunsek pasa egin dion bere ibilbideko 14. garaipena lortzeko.

Ostegun honetan bigarren etapa korrituko da, irteera eta helmuga Echallensen izanda (168,2 kilometro). Etaparen erdialdean hirugarren mailako La Praz mendatea igo beharko dute (6,7 kilometro %4,6ean) eta helmugara iristeko 10 kilometroren faltan puntuatuko ez duen beste igoera interesgarri bat izango dute, Vuarrens, 4,5 kilometro %3,7an dena.

Alex Baudin, etapa irabazle eta lider berria Bretainiako Tourrean

Alex Baudin frantziarrak (Swiss Racing Academy) irabazi du Bretainiako Tourreko hirugarren etapa, Loheac eta Le Hingle artean egindako 171,7 kilometroko ibilbidean, eta lider berria da, Johan Le Bon herrikideari (Dinan Sport) ‘lapurtuz’.

Bakarka gailendu da txirrindularia azken bi kilometroak bakarka egin ostean, helmugan azkenean Antonio Puppilo italiarra (Isarel Academy) eta Donavan Grondin frantziarrari (Arkea) hiru segundo ateraz.

Ostegun honetan Bretainiako Tourreko laugarren etapa korrituko da, Saint-Jacut-de-la-Mer eta Guillac artean (164,7 kilometro).

Edu Prades (Caja Rural), bigarren Tour of Hellasen

Hamar urteko ausentzia ostean, hemen da berriro ere Tour of Hellas Greziako lasterketa. Asteazken honetan hasi da aurtengo edizioa, Cretako irlan egin den etapa batekin. Chanian amaitu den jardunaldiak igoera bat izan du azken 20 kilometroetan eta bertan erabaki da lehen garailea eta liderra.

Sari horiek lortu dituena Aaron Gate (Black Spoke) Zeelanda Berriko txirrindularia izan da, eguneko ihesaldiko partaide bakarra izatean helmugan. Atzeko taldean, sprintean azkarrena Edu Prades Caja Ruraleko txirrindularia izan da, bigarren helmugan irabazlearengadik 1:46ra. Hasiera batean irabazlea bera zela uste zuen katalanak eta helmugaratu bezain laister erorikoa izan du. Taldean bertan Jon Barrenetxea ere iritsi da.

«’Barrenek’ eta nik aurreko postuetan pasa dugu mendatea. Trekekoak eta gu igoeraren parte handi batean aritu gara erasoan eta azkenena Jonek lagundu egin dit jaitsieran iheslariak harrapatu ahal izateko. Harrapatu egin ditugu, baina egia esateko, ez genuen informazio asko eta korritzen ari zen moduan, uste nuen ez zela inor geratzen aurrean. Azkenena uste nuen etapako irabazlea nintzela, besoak altxatu eta erori egin naiz. Ez dut zauririk, baina gporutza nola dagoen aztertu beharko dugu, bizkarrean min galanta jaso baitut. Bihar baloratuko dugu, irteera aurretik», adierazi du Edu Pradesek.