INFO
Interview
Esther Arrojeria
Bera Berako jokalaria

«Pistan erakutsi beharko dugu faboritoak garela eta zaleek asko lagunduko digute»

Esther Arrojeria (Usurbil, 1994) bere hamargarren denboraldia ari da jokatzen Bera Beran. Irrika bereziarekin da Kopako lehen partidaren atarian, bere txapelketa gogokoena baita. Gaurko lehen partida zaila izango dela onartzen duen arren (20.30), usurbildarrak ez du ezkutatzen «faboritoak» direla.

Esther Arrojeria, Zuazoren aurkako Liga partida batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Gogo izugarria dugu gure zaleen aurrean jokatzeko», onartu du Esther Arrojeriak. Liga denboraldi hain monotoan, inflexio puntua izan daiteke Kopa txapelketa, eta usurbildarra baiezkoan da, «batez ere, ondo joaten bazaigu». «Ez dugu ahaztu behar Ligan ere baditugula erronkak», ohartarazi du. Baina lehendabizi Kopa dute aurrez aurre, hasteko Aula Valladoliden aurkako final-laurdena. Jendea erantzuten ari da gainera –2.600 bonu inguru saldu dira–. «Gehiago ezagutzen gaitu jendeak eta horrek sekulako poza ematen digu», onartu du.

Ostiral honetan jokatuko dute, Illunben, 20.30etan. Elx eta Unicaja Banco de Gijon taldeen arteko demak irekiko du txapelketa (13.00etan); ondoren jokatuko da Rocasa eta Malagaren artekoa (16.00etan) eta segidan, 18.30etan, Atletico Guardes eta Granollersek neurtuko dituzte indarrak. 

Bono asko saldu dira, salmentak bide onetik doaz. Giroa egongo da, ezta?

Bai, hori espero dugu. Egia da lan handia egiten ari direla klubetik eta Aldunditik Kopari eman behar zaion bozgorailu hori emateko. Jendea erantzuten ari da. 2.500 bono inguru saldu dira, ikaragarria da. Ikusteko dago eguneko sarrerekin ea zenbateraino iristen den. Oso ondo erantzuten ari da, Gipuzkoa gurekin bolkatuta dago. Jendeak gehiago ezagutzen gaituela edo umeak gehiago gerturatzen ari direla ere sumatzen dugu eta horrek izugarrizko poza ematen digu.

Aste hasieran zenion, pribilegioa dela horrelako txapelketa bat Donostian, Gipuzkoan, zuen zaleen aurrean jokatzea. 

Beti esan izan dut niretzat Kopa dela txapelketarik bereziena. Beste kutsu bat dauka, Ligak ez daukana. Hiru egunetan dena jokatzen duzu, 8 taldeak elkarrekin egoten gara hotelean, sortzen den giroa ere oso berezia da. Hori Donostian bizi ahal izatea, gure zaleen aurrean, bereziki berezia izango da. Hamar urte daramatzat Bera Beran eta Kopa Donostian bizitzea oso berezia izango da. 

«Kopa ondo joaten bada, beste bultzada bat emango digu maiatzean geratzean zaizkigun partida horiei aurre egiteko. Ze ez dugu ahaztu behar hor ere baditugula erronkak aurretik»

Giro bereziaz gain, liga denboraldia luzea izan ohi da eta Kopa bada inflexio puntu bat? 

Bultzada bat eman diezaguke, apirilera-maiatzera denboraldia bukatzeko gogoz heldu ohi baikara. Indarrak apurka-apurka agortzen joaten dira, baina, Kopa iristean, inkontzienteki,  beste fase sartzen zara eta min guztiak atzean uzten dira. Eta, batez ere Kopa ondo joaten bada, beste bultzada bat emango digu maiatzean geratzean zaizkigun partida horiei aurre egiteko. Ze ez dugu ahaztu behar hor ere baditugula erronkak aurretik.

Etxean jokatzeak taldearentzat alde positibo gehiago izango ditu negatiboak baino? Zeintzuk dira gauza positiboak?

Gure zaleen aurrean arituko gara eta Illunbek oso ondo erantzungo du. Beraien babesa izango dugu une oro; azaldu ezinda da hainbeste jende zuri begira dagoela ikusteak, kasik zurekin jokatzen ari dela ikusteak ematen duen indarra. Gascan Europako partidetako aurkezpenetan zure izena esaten dutenean, ateratzen zaren momentu hori, denak txaloka dauden une hori, oilo ipurdia jartzeko modukoa izaten da. Horrelako zerbait irudikatzen dut Kopan. Egia da presio hori existitu, existitzen dela. Ez da soilik etxeko taldea garela, Liga eskuratzear gaude eta paper gainean faboritoak garela nabarmena da, baina pistan erakutsi beharko dugu hori eta zaleek asko lagunduko digute.

Amaia Gonzalez de Garibay Aula Valladolideko jokalariak hedabide honi emandako elkarrizketan zioen, irabazteko presio hori eduki dezakezuela baita ere arerioa eta koadroko zein aldetan hasi zuek aukeratu duzuelako, bidea errazagoa izango delakoan. 

Aukeratzeko aukera izate horrek berez abantaila ematen dizu, baina final laurdenetan irabazten ez baduzu, ez du oso ondo hitz egiten zuri buruz. Hala ere, ez genuen koadroa aukeratu lehenengo partidagatik bakarrik, ibilbide osoa begiratuz baizik. Badakigu Aula Valladolid bezalako talde bat ez dela batere erraza menderatzen, are gutxiago partida bakarrera. Asko borrokatzen duen taldea da, inoiz baloi bat galdutzat ematen ez duena eta badakigu partida oso gogorra izango dela. 

Mentalki nola dago taldea? 

Uste dut ondo gaudela. Beti atzetik aurrera joaten gara denboraldian zehar, geroz eta joko hobea egiten. Orain, une onean gaudela uste dut, bai fisikoki eta bai mentalki. Kopa Donostian izateak beste irrika bat ematen dio eta guztiarekin goaz gaurko partida irabaztera. Partida bakoitzean zentratuta goaz, lehendabizi gaurkoan eta irabaziz gero, ikusiko dugu. 

Aula Valladolid izango duzue arerio. Gascan errazago gainditu zenuten Huerta del Reyren baino. 

Etxean nahiko partida eramangarria izan zen edo oroitzapen hori daukat. Han duela gutxi jokatu genuen eta oso partida gogorra izan zen. Egon zen une bat 5-6 goleko aldea geneukala, baina pare bat minututan Aula gai da markagailua iraultzeko. Horregatik diot oso talde arriskutsua dela. Ezin zara inoiz konfiatu, ezin zara erlaxatu ze beraiek ez dute uzten inoiz estutzeari. Hor egoten dira beti, beraien joko azkarrarekin oso gol azkarrak egiteko gai dira eta horrek min handia egiten du, animikoki gogorra izaten da. 

Zein da beraien puntu indartsuena? 

Aipatu abiadura hori. Ez dizute arnasa hartzeko denborarik uzten. Ez soilik gola sartu edo baloia errekuperatzen dutenean, kolpe frankoetan ere edozein despiste aprobetxatzeko gai dira. Ez duzu taldekideekin aurreko jokaldiaren gainean eztabaidan aritzerik, ze segituan jartzen dute baloia jokoan, etan konturatzerako, gola egin dizute. 60 minutuetan %100 kontzentratuta egon beharko dugu.

»Defentsan ondo gaudenean eta atezainak laguntzen duenean, hor izaten ditugu aukera gehienak»

Eta zuen indarguneak? Defentsa eta kontraerasoa?

Bai, beti esan dugu hori hala dela eta zenbakiak ikusita, gainera, argi erakutsi dugu hori hala dela. Defentsan ondo gaudenean eta atezainak laguntzen duenean, normalean biak batera doazela, hor izaten ditugu aukera gehienak eta partida honetan ez da ezberdina izango.

Zu zeu nola zaude joko aldetik?

Bada, nahiko ondo. Zorionez lesioek errespetatu egin naute, ez naiz kexatzen. Aurten, denboraldi hasieratik nahiko ondo aurkitu naiz, jokoan galdu nituen alderdi batzuk berreskuratzen; kanpoko ezusteko jaurtiketa hori nahiko alboratua nuen eta aurten partidaren batean zertxobait agertu da.

Talde zabala daukazue gainera. Horrek ere ahalbidetzen du indarrak hobeto banatzea. 

Bai, denboraldi guztian zehar garrantzitsua da hori, baina horrelako txapelketa laburrean, are gehiago. Aldaketa gehiago egiteko aukera gehiago izango dugu beste taldeek baino. Kasik bi talde oso osatzeko moduko taldea daukagula uste dut; hasierako zazpiak eta hurrengo aldaketak eginda, ez luke ezberdintasun asko egon behar, horrek gure alde jokatzen du. 

Atletico Guardesen aurkako azken partidan Imanol Alvarezek minutuak banatu zituen sistema ezberdinen artean. 

Bai. Denboraldi honetan zehar orokorrean minutu dezente banatu dira. Hori zaintzen saiatu dira uneoro denboraldi bukaerara ondo iristeko, eta azken partida horretan, partida zihoan moduan joanda ere ahalbidetzen zuen minutuak banatzea, eta horrek beste puntu bat ematen digu. 

Hala ere, lehendabiziko partidan indarrak parekatuta egongo dira eta lehen partida hori izaten da zailena. 

Bai, uste dut lehendabiziko partida gakoa dela. Lehendabiziko partidan nola sartzen zaren, asko baldintzatzen du Kopako ibilbidea. Batez ere, lehendabiziko hamar minutu horiek. Askotan zaila izaten da Kopak sortzen dituen nerbio horiek alde batera uztea, baina gure indar guztiarekin saiatu behar dugu nerbio horiek nerbio on bihurtzen, partidan ondo sartzen. 

Nola gogoratzen dituzu azken bi Kopa edizioak? Final-laurden eta finalerdietan kanporatuak izan zineten.

Porrot gogorrak izan ziren, bai bata eta bai bestea. Ez nuke jakingo esaten zein izan zen gogorragoa. Final-laurdenetan inoiz kalean geratu gabeak ginen Bera Berara heldu nintzenetik eta orain bi urte gertatu zen. Egia da Kopa hura berezia izan zela; denboraldi hasieran jokatu zen, faktore asko egon ziren… Gu normalean atzetik aurrera joaten gara denboraldian zehar eta hor harrapatu zigun oraindik taldea ez zegoela guztiz engrasatua eta asko nabaritu zen. Azken ediziokoan, berriz, final-laurdenetako partida jada asko kosta izan zitzaigun –Malagaren aurka– eta, irabaztea lortu genuenean, bazirudien urrats oso handia eman genuela. Finalerdietara iritsi eta horrelako kolpea jasotzea, bereziki gogorra izan zela gogoratzen dut. Ez dakit denboran hurbilago dagoelako edo zer, baina oroitzapen oso gogorrak ditut bi Kopa horietatik. Arantzatxo hori kentzeko irrikaz gaude.

Eta irabazitako azken Kopa nola gogoratzen duzu?

Lasesarren irabazi genuen. Oso oroitzapen onak ditut. Lasesarre ere pabiloi nahiko handia da, hiru egunetan nahiko beteta egon zen, jendeak oso ondo erantzun zuen. Finalerako sarrerak agortu egin ziren. Ez genuen etxean jokatzen baina ia-ia. Donostiatik eta Gipuzkoatik jende asko hurbildu zen. Han ere final-laurdenetako partida oso gogorra izan genuen Rocasaren aurka eta gero, hobetoxeago joan zen. Finalerdietan eta finalean abantaila dezentekin ibili ginen eta uste dut, Kopa biribila izan zela. Gozada bat izan zen Lasesarre horrela ikustea. 

Final hura Bera Bera-Aula Valladolid izan zen. 

Bai, egia da! Gainera Aula Valladolid lesio dezenterekin iritsi ziren Kopara, inork ez zuen ezer ematen beraiengatik eta finalera iritsi zen. Horregatik esaten dizut, talde arriskutsurik baldin badago Kopa bezalako txapelketa batean, Aula da eta aurreko edizioetan erakutsi dute. Orduan finalera oso nekatuta iritsi ziren, jende gutxi zeukaten, jende garrantzitsua min hartuta zeukaten, eta hori nabarmen geratu zen. Aurtengoa guztiz ezberdina izango da, lehendabizikoa da, bi taldeak izugarrizko gogoarekin egongo gara eta gogo horiek kudeatzen jakitea ere gakoa izango da.