Pasaian jokatu den Espainiako Batel Txapelketa Zierbenak eraman du
«Galipoek» hasi eta buka menpean hartu dute gizonezkoen senior txapelketakoe stropada. Donostiarra azkenera arte bigarren lekuan ibili bada ere, Samertolameuk aurrea hartu dio azkenean. Gainontzeko kategorietan, mutiletan batik bat domina uzta oparoa pilatu dute euskal taldeek.
Zierbenako «galipoak» nagusitu dira Pasaian jokatu den Espainiako Batel Txapelketan. Bizkaitarrek hasi eta buka estropadaren branka sartu dute eta ez da aurrea hartzeko kapaz izan inongo lehiakiderik. Borja Gomez patroi hartuta, Carlos Palazuelos, Alberto Gonzalez, David Duran eta Sergio Montenegrok osaturiko eskifaiak ez du parekorik izan senior gizonezkoen kategoriako finalean.
Zilarrezko domina zeinek lortu hor askoz lehia biziagoa izan da Donostiarra eta Samertolameuren artean. Hasieran baten Kaiarribako gipuzkoarrak aurretik ibili badira ere, galiziarrek branka sartu ahal izan diote azken luzean eta hauentzat izan da zilarra, donostiarrak brontzearen jabe utzita.
Esan behar gizonezkoen senior finalak birritan ekin behar izan diola, aurreneko irteera ustela izan baita. Areseko traineruak hanka egin du eta zigorra jaso du. Behin irteera balekoa eman ostean, aldiz, ez da kolorerik izan eta Zierbenak ia hiru ontziko aldea atera die bere atzetik sartu direnei.
Domina gehiago
Infantiletatik hasi eta senior kategoriara arte, domina uzta polita eskuratu dute Euskal Herriko taldeek, mutilen kategorian batik bat. Emakumeei dagokienez, urrezko domina bakarra izan da, Pasai Donibane etxeko traineruak jubenil kategorian irabazi duena. Kaiku eta Isuntzak, hurrenez hurren, bete dute kategoria horretako podiuma.
Mutilen jubenil kategoriari dagokionez, hemen ere Pasai Donibane nagusitu da, Santurtziko Itsasoko Amaren aurretik. Deustuko Arraun Taldea, berriz, kadete mutilen estropadako urrezko dominaren jabe egin da. Infantil mutiletan, aldiz, podiumera igo den euskal talde bakarra Arkote izan da, hirugarren, Puebla eta La Planchadaren atzetik.