INFO

TAO Bilboko auzo gehiagotara zabaldu da, langileen protestekin

TAO zerbitzua astelehen honetan hasi da Bilboko San Inazio, Elorrieta, Ibarrekolanda eta Abusu auzoetan eta beste egunetan baino auto gutxiago ikusi dira goizean zehar. Langileen protestek markatu dute eguna, izan ere, salatu dute 11 urte daramatzatela hitzarmena eguneratu gabe.

TAOko Langileek haien aldarrikaenak atera dituzte kalera. (Asier ROBLES)

Iragarrita zegoen bezala, TAO zerbitzua astelehen honetan jarri da martxan Bilboko San Inazio, Ibarrekolanda, Elorrieta eta Abusu auzoetan. Kalean lasaitasuna zen nagusi, eta lehen baino auto gutxiago ikusi dira aparkatuta.

Izan ere, orain arte, auzo horiek autoz betetzen ziren egunero, TAOrik ez zegoen bakarrenetakoak baitziren. Bilbora etortzen ziren beste herrietako pertsona askok autoa auzo horietakoren batean aparkatuta uzten zuen eta, ondoren, hirian zehar mugitzen ziren garraio publikoan. Horrek auzotar askoren protestak eragin zituen, autoa beren auzoan aparkatzeko lekurik gabe geratzen zirelako.

Orain, badirudi dena goitik behera aldatu dela eta, gaurko goiz osoan aparkatzeko leku libre asko ikusi dira auzo hauetan. Eremu berrietan TAOren funtzionamendu ordutegia 9.00etatik 13.30era eta 15.00etatik 20.00etara da astelehenetik ostiralera. Larunbatetan ez da TAOrik egongo, eta abuztuan arratsaldean ere ez.

TAO San Inaziora heldu da.

Baina aldatu ez dena TAOko langileen egoera izan da. Izan ere, langileek gaurko eguna aprobetxatu dute beren aldarrikapenak kalera ateratzeko. TAOko makina batzuk zigilatuta eta mezu oso argiarekin agertu dira: ‘Bilboko TAO 11 urte hitzarmenik gabe’.

Horrek arazoren bat sortu du goizean. Baina, dirudienez, Udalak lehen egun honetan isunik ez jartzea erabaki du.

ELA sinikatuak ohar baten bitartez azaldu duenez, langileek 11 urte daramatzate aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa berritu ezinik. «Denbora horretan hainbat bilera egin dira, baina enpresak bilera horietara ekarri duen eduki bakarra murrizketa batzuk eta zero euroko soldata igoera izan dira», azaldu du sindikatuak.

Egoera ikusita, eta negoziazioetan blokeoa gainditzeko asmoz, ez dute baztertzen etorkizunean intentsitatean areagotuz joango diren mobilizazioak iragartzea, LAB, USO eta Denok sindikatuen babesarekin.