Bilboko hilketak salatzeko protestara deitu dute eta EH Bilduk inplikazioa eskatu dio Udalari
E28 Bizkaiko Koordinakundeak manifestazioa deitu du hilaren 17an, Bilboko lau gizon homosexualen hilketak salatzeko. Halaber, Bilboko EH Bilduren udal taldeak biktimen familiak babestea eta herritarrei informazioa ematea galdegin dio Udal Gobernuari.
LGTBI+ kolektiboaren alde lan egiten duten elkarteek kezka agertu dute Bilbon gutxienez lau gizon homosexualen kontrako eraso hilgarrien aurrean. LGTBI+ Euskal Ikuskaritzak «alarma» piztu zuen asteartean eta E28 Bizkaiko Koordinakundeak manifestazioa deitu du maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren kontrako egunean.
Ustez gizon batek hil zituen lau gizon homosexual –beste lau heriotza ere ikertzen ari da Ertzaintza–, aplikazio baten bitartez harremana egin eta GHB droga erabili ostean; biktimei lapurtzea helburu. Haren atzetik dabil EAEko Polizia. Gertaera hauen aurrean instituzioen isiltasuna salatu du sare sozialetan E28 Bizkaiko Koordinakundeak, eta LGTBI+ kolektiboaren kontrako beste eraso batzuk salatu ditu, Zornotzan egindako bortxaketa kasu.
Azken eraso LGTBfoboen harira: pic.twitter.com/rWErsnsJ2J
— E28 Bizkaiko Koordinadora (@e28koordinadora) May 3, 2022
Bestalde, Bilboko EH Bilduren udal taldeko Jone Goirizelaiak Bozeramaileen Batzordearen bilera eskatu du asteazken honetan, herritar guztiei lehen eskuko informazioa ematea beharrezkoa dela iritzita, bereziki, auzi honek kezka handia eragin duelako LGTBI+ komunitatean.
Goirizelaiak adierazi duenez, informazioa partekatzeaz gain, Bozeramaileen Batzordean baloratu beharko da, halaber, Bilboko Udalak kasu horri buruzko adierazpena egitea eta elkartasuna adieraztea biktimen familia eta gertukoei, bai eta LGTBI kolektiboari ere.
Halaber, iragarri du EH Bilduk proposatuko duela Udalak behar den laguntza eta aholkularitza guztia eskaintzea biktimen familiei.
Ildo honetan, Goirizelaiak elkartasuna eta babesa adierazi die biktimen familia zein lagunei.