INFO

Joseba Ezkurdia, Buruz Buruzko Txapelketako finalerdietara ligaxkako partida bakarra jokatuta

Eskuetako minez, Ezcarayko aurrelariak ezingo du jokatu Labriten jokatzea zen norgehiagoka. Ondorioz, A multzoko buru izango da Arbizuko aurrelaria nahiz eta hiru garaipenetik bi partidarik jokatzeke erdietsi. Finalerdietan Jaka edo Artola izango du arerio.

Ezkurdiak final-laurdenetako lehen partida Zabaletari 22-21 irabazi eta ordutik, ez du jokatu. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkak desgaste fisiko handia sortaraziko zutela ziotenek ez dute erabat asmatu, zeharka bada ere; galdetu bestela Joseba Ezkurdiari. Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako partiden erritmoak ez zuela atsedenerako eta eskuak osatzeko tarterik lagako ziotenek ere ez, nonbait; galdetu bestela Joseba Ezkurdiari. Ez da bere gogoz, baina Arbizuko aurrelaria finalerdietara A multzoko buru pasako da final-laurdenetako ligaxkako partida bat eta bakarra jokatuta. Hori bai, fresko eta eskuetatik ezin hobeto, aurkariei inbidia emateko moduan!

Joan zen asteburuan ezker eskutik erasanda, Jokin Altunak ezin izan zuen jokatu nafarraren aurka; asteazken honetan jakin da Dario Gomez aurrelari errioxarrak, bezperan Jose Javier Zabaletaren aurka 22-14 galdu eta gero, ezingo duela Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako hirugarren jardunaldiko partidak jokatu eskuetako mina dela-eta.

Bada, Esku Pilotako Enpresen Ligak, EPELek, bere bere araudi propioari jarraiki eta lehiaketa epaileak hala ebatzita, hirugarren partida hau ere 22-0 Ezkurdiaren alde erabakiko da, Dario Gomezek ez daukalako partida atzeratzeko eskubiderik, araudiaren arabera.

Esan bezala, partida bakarra jokatuagatik, hiru garaipenekin A multzoko buru amaituko du Joseba Ezkurdiak final-laurdenetako ligaxka. Berak esanari so eginez gero, jokatzea nahiago, noski.

«Ez da gauzarik gustokoena. Nik nahiago nuen partidak jokatzea, jokatzeko entrenatzen baitut. Hala tokatu zait aurten eta tira, baina kezka pixka bat badaukat, bi asteburu jokatu gabe nihoa eta hurrengo jokatu beharrekoa finalerdia izango da dagoeneko. Ea noa nagoen!», adierazi du aurrelari nafarrak Euskadi Irratiari eginiko elkarrizketan.

Ongi ari delako entrenatzen, «gustora» dagoela onartu du Arbizukoak, baina «partidak behar izaten dira kantxan nola zauden, nolako sentsazioak dituzun ikusteko» ohartarazi du.

Dena dela, Buruz Buruko Txapelketarako martxan jartzea erabaki den ligaxka sistema honen aldeko azaldu da Ezkurdia, nahiz eta «agian buelta bat» eman behar zaioa iritzi.

«Lau eta Erdikoaren sistema bera da, baina frontoi osoan egia da gogorra egiten dela eta buelta pare bat beharko luke. Ez dakit: ligaxkaren ondoren finalerdiak baino lehen astebete deskantsatu edo beste zeozer, azkenean eskuek asko sufritzen dutelako. Baina jendeari begira eta lehiarako, sistema ona iruditzen zait, gogorra izanagatik», laburbildu du Ezkurdiak.

Asteazken honetan, berriz, Baños de Rio Tobian Unai Lasok eta Rezustak pilota aukeraketa izan dute, ostiral gauean B multzoko ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldiari ekiteko. Sailkapenari dagokionez, ezer ere ez dago jokoan, Bizkarreta-Gerendiango aurrelaria finalerdietarako sailkaturik baitago eta Rezusta, berriz, kanporatuta.

Altuna edo Zabaleta, Lasoren arerio

Jose Javier Zabaletaren aurka galdu eta gero, finalerdiak jokatzeko Dario Gomez aukerarik gabe geratu zen asteartean. Bada, Zabaleta edo Altuna izango da Lasoren arerioa finalerdietan. Ondorioz, larunbatean Atano III.a frontoian kanporaketa zuzena bailitzan jokatuko beharko dute dute zapatuan Jokin Altunak eta Zabaletak. Ostegun honetan, Jokin Altunak ziurtatu du jokatzeko moduan dagoela.

Etxarrengo atzelariak, asteartean Dariori irabazi ostean, adierazi zuen «partida oso zaila» izango dela: «Pasa den urtean finalerdietan bere aurka tokatu zitzaidan eta ez nuen batere ongi jokatu. Ea aurten lan gehiago ematen diodan».

Bestalde, 11.30etan Jakak eta Artolak pilota aukeraketa izango dute. Lizartzakoak eta Alegikoak finalerdietan Ezkurdiaren aurka zein aritu txartela elkarren arteko lehia zuzena jokatuko dute.