INFO

Enpresen erantzukizun linguistikoa lantzeko eredua sortu dute

Soziolinguistika Klusterra eta EHU elkarlanean aritu dira enpresaren erantzukizun linguistikoa lantzeko gida bat sortzeko. Horren arabera, euskara kudeaketa sistema orokorrean txertatzen da, eta gidak enpresaren helburu estrategiko orokorrak aberasteko balio du.

Auxkin Galarraga eta Belen Uranga, ‘Eralan 5’ gidaren egileak. (Soziolinguistika Klusterra)

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk ‘Enpresaren Erantzukizun Linguistikoa kudeatzeko Eredua. Eralan 5 gida’ izeneko lana argitaratu dute. Gidak baliabideak eskaintzen ditu enpresaren gizarte erantzukizuneko (EGE) gaien artean enpresaren erantzukizun linguistikoa (EEL Eredua) lantzeko, hizkuntzak kudeatzeko arau etikoen eta sozialen araberako onurak agerian jarrita.

Argitalpenaren helburua da esparru sozioekonomikoan euskara indargune izango duen hizkuntza aniztasunaren kudeaketa aurreratua abian jartzeko tresna eskaintzea, Soziolinguistika Klusterreko iturriek jakinarazi dutenez.

Eralan proiektuaren zuzendaria, Auxkin Galarraga, eta koordinatzailea, Belen Uranga, dira gidaren egileak. Azaldu dutenez, eredua enpresaren borondatezko konpromisoan oinarritzen da, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik landu nahi duelako eta epe luzera enpresak ekarpen kultural eta sozial onuragarriak egin ditzakeelakoan.

Hizkuntzaren gaia kudeaketa sistema orokorrean integratuta jorratzen du, eta, beraz, ez da erantsitako jarduera soil bat; aitzitik, enpresaren helburu estrategiko orokorrak aberastera datorren ekimen multzoa da. Zehazki, kalitate sistemaren parte da, eta ibilbide bat proposatzen du enpresek dagoeneko martxan dituzten etengabeko hobekuntza prozesuetan eta gizarte erantzukizuna lantzeko metodologietan txertatzeko erantzukizun linguistikoa.

Ereduaren bertute nagusietako bat da enpresaren ezaugarrietara moldagarritasuna. Eredu ireki modura proposatzen da, enpresek autonomiaz beren ezaugarrietara egokitu dezaten. Aukera ematen da ereduaren zenbait atal lantzeko, batez ere enpresa txiki eta ertainek eskura dituzten baliabideetara eta aukeretara egokitzeko.

Enpresen erantzukizun linguistikoa kudeatzeko eredua enpresa batean egokitzeko eta aplikatzeko guztiz lagungarria da aholkulariek parte hartzea. Hala ere, enpresek beren kabuz ekin diezaiokete gidan jasotako tresnak eta jarraibideak aplikatzeari.

Gida honako estekan eskuratu daiteke doan, pdf formatuan.