Donostian egin behar zen antiabortisten prozesioa geldiaraztea lortu dute herritarrek
Donostiako talde feministek eskatu zuten abortatu nahi duten emakumeei jazarpena egitea debekatzen duen legea aplikatzea, eta Donostian deituta zegoen ultrakatolikoen prozesioa bertan behera gelditzea lortu dute larunbat honetan.
Haurdunaldia eteteko zerbitzu publikoa eskaintzen duen Donostiako Askabide Klinikako paziente zein langileek jazarpena jasaten dute egunero talde ultrakatolikoen aldetik. Apirilean Estatu espainolak onartu zuen legearen arabera, jarrera hori debekatuta dago.
Hala, gaur arratsalderako Donostian prozesio bat zegoen deituta, Artzain Onaren katedralaren atzeko aldetik, Askabide klinikaraino, ‘Rezar no es delito’ plataforma ultrakatolikoak deituta. Donostiako talde feministek instituzioei eskatu zieten prozesioa debekatzea, onartu berri den legeari jarraituz.
Arratsaldean, prozesioan parte hartu behar zutenak irteera puntuan elkartu dira, Askabide klinikaren inguruan ehundaka feminista biltzen ziren bitartean. Prozesioa hastear zela, Ertzaintzak adierazi die bertan behera gelditzen zela debekatuta zegoelako.
Feministek pozez jaso dute albistea, eta klinikako langileek eskerrak eman nahi izan diete kanpoaldean zegoen jende andanari. «Badakigu nortzuk diren, badakigu zertara datozen. Ez dute lortuko. Emakumeak gure gorputzaren jabe gara, emakumeak gero eta ahaldunagoak gara eta ez dute lortuko zapaltzea. Eguneroko jazarpena da, egunero daude hemen, baina ozen esan diegu nahikoa da, aski da. Eskerrik asko den denei. Garaipena zuena da, eta gora borroka feminista», adierazi du klinikako zuzendaria den Naroa Iturrik.
Gipuzkoako Podemos-Ahal Dugu ere Askabidera gerturatu da, Twitterren zabaldu duenaren arabera: «Haurdunaldia etetera doazen emakumeek babes legala eta gizartearen gehiengoarena dute. Inork ezin du gure gorputzetan erabaki. Horregatik gaude gaur Donostian, emakumeak zein Askabideko profesionalei babesa helarazteko».
Las mujeres que van a interrumpir su embarazo tienen el respaldo legal y de la gran mayoría de la sociedad. Nadie puede decidir sobre nuestros cuerpos.
— Podemos/Ahal Dugu Gipuzkoa (@PodemosGipuzkoa) May 7, 2022
Por eso estamos hoy en #Donostia para apoyar tanto a ellas como a las profesionales de la clínica Askabide. pic.twitter.com/DdRwelmgfe