Iraultza 1921, haserre eta «lotsatuta» Alavesek Balaidosen emandako itxura eskasagatik
Iraultza 1921 Alaveseko zale-taldeak bere haserrea adierazi du sare sozialetan, babazorroek Balaidosen eman zuten itxura gaitzesteko. Alavesek 4-0 galdu zuen Celtaren aurka eta salbazioko bidean urrats bat atzera eman zuen. Asteazkenean jaitsiera ziurtatu lezake etxean Espanyolen aurka galduz gero.
«Gauez lana egin, 1.300 kilometro egin (joan-etorria) kolore urdin-zuriari diozun maitasunagatik eta lotsatuta bukatu jokalariek klubaren ezkutua arrastaka eraman dutelako», adierazi du Iraultza 1921 zale-taldeak sare sozialen bitartez.
Trabajas de noche, te metes 1300km i/v en coche por amor a unos colores para acabar avergonzado por ver como se arrastra un escudo. 90 minutos dándolo todo en la grada, tenemos claro lo que queremos, por eso decidimos dar la espalda cuando sentimos que nos faltaron al respeto. pic.twitter.com/5umfO4wXx3
— Iraultza 1921 (@Iraultza1921) May 9, 2022
Alavesek 4-0 galdu zuen Balaidosen, partida oso kaskarra jokatuta. Vila-realen aurka etxean erdietsitako garaipenarekin, salbazioko itxaropenak berpiztu egin ziren –lau puntura zegoen salbazioa–. Beste garaipen batek sekulako urratsa ematea suposatuko luke –esaterako, Levantek egin legez– baina porrotak atzerapauso handia suposatu du. Orain, salbazioa sei puntura dago eta hiru partiden faltan, asteazkenean galtzeak Bigarren Mailarako bidea irekiko lioke.
Horregatik, hain zuzen ere, zale babazorroen haserrearen handitasuna. Izan ere, ziurtatu dute «90 minutu harmailetan topera animatzen egon ostean bizkarra ematea» erabaki zutela «errespetu galera bat» sentitu zutenean. Hau da, animatzeari utzi zioten jokalariak dena ematen ez zeudela ikustean.
Egiari zor, hasi eta buka, Celta nagusi izan zen norgehiagokan –eta galiziarrek ez zeukaten ezer jokoan–. Seigarren minutuan ireki zuen markagailua Galhardok eta babazorroak ez ziren gai izan egoera iraultzeko. Ordubetean, beste hiru gol jaso zituzten, Velazquezek gidatutako taldearen ezintasuna agerian geratuz.
Asteazken honetan Espanyol jasoko dute etxean eta salbatzeko aukerak oso murritzak dira. Irabazi egin behar du bai ala bai, baina irabazte hutsak ez dio balio baldin eta Granadak eta Celtak Athletic eta Reala –hurrenez hurren– garaitzen baldin badute.