Korrikak lekukoa pasa dio Euskaraldiari, euskara bultzatzeko ariketa soziala egiteko
Aurtengo Korrika gogoangarriak utzi duen aktibaziorako olatua euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta gune erosoak zabaltzen urratsak egiten jarraitzeko baliatu behar dela aldarrikatu dute Korrikako eta Euskaraldiko arduradunek. Ahobizi, belarriprest eta entitateen txanda da orain.
2022 hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela azaldu zuten urte hasieran Korrika eta Euskaraldiko arduradunek, eta ideia hori berretsi dute astelehen honetan Donostian egindako agerraldian. Adierazi dutenez, pandemiak eragindako etenak inoiz baino nabarmenago agertu du euskararen normalizazioak jendartearen aldekotasun eta bultzadaz gain, hiztunen praktika linguistiko eraldatzaileak eta era guztietako erakundeen urrats sendoak behar dituela.
Horregatik, euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia dutela uste dute.
Euskaraldiko data garrantzitsu batzuk iragarri dituzte: datorren maiatzaren 18an entitateek parte hartzea berresteko eta izena emateko epea irekiko da. Irailaren 29an belarriprest eta ahobiziek parte hartzea berresteko eta izena emateko aukera zabalduko da, eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskaraldia egingo da.
Korrikak «herri gogo indartsua» erakutsi du
Donostian bertan Korrika amaitu zenetik hilabete betetzear dela, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaileak gogora ekarri du 22. edizioa egitea bera helburu bat zela, normaltasunez gauzatu ahal izatea, alegia. Euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzera, eta horren aurretik, hilez hil, tokian tokiko batzordeak osatu, eta herrietan ekintzak antolatzea.
«Oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako, eta zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen ‘herri gogoa’ zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea», agertu du.
Bi ekimenak zinez erabakigarriak direla azpimarratu du AEK-ko koordinatzaileak, «euskararen dinamika soziala hauspotzeko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean pauso sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko».
Korrikaren 22. edizio jendetsu eta gogoangarria aurten antolatuko diren gainontzeko ekimenetarako akuilu izango dela esan du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. «Korrikak gizartean utzi duen energia eta aktibaziorako olatua euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen urratsak egiten jarraitzeko baliatu» behar dela aldarrikatu du.
Euskaraldiak horretan ekarpena egin nahi du, eta aurten belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaie.
Batzordeak martxan jartzen hasi dira
Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasiak daudela eta herriz herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari direla azaldu du Urkijok. Herritarrak batzordeetan partaide aktibo izatera gonbidatu eta Euskaraldian parte hartzeko dei egin die.
Korrika eta Euskaraldia moduko ekimenen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak. «Azken bi urteetan batzordeen eta euskalgintza antolatuaren lana normaltasunez garatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea garrantzitsua izango da».
Esplikatu duenez, batzordeok belarriprest eta ahobiziei euskarazko hizkuntza praktikak indartzeko tresnak eskaintzen ahalegin handia egingo dute. Eta tokian tokiko entitateetan euskararen erabilera areagotzeko pausoak eman ditzaten proposamenak lantzen ere ari dira.