INFO

Mintzalagunen urteko festa heldu den ekainaren 5an ospatuko da, Hendaian

Bi urtez ezin ospatuta ibili ostean, Euskal Herriko Mintzalagunen aurtengo festa Hendaian izango da. Astearte honetan aurkeztu dute ekainaren 5ean Lapurdiko kostako hirian ospatuko den ekimenaren egitaraua.

Aurtengo Mintza Egunaren egitaraua aurkeztu dute Hendaian. (@EuskaltzalenTopagunea)

Astearte honetan egin dute Euskal Herriko Mintzalagunen urteko jaiaren aurkezpena Euskaltzaleen Elkarteko Mintzapraktika Batzordearen koordinatzaile Maite Agirrek, Mintzaian Euskara elkarteko Eleuterio Jauregik, Hendaiako Auzapez Kotte Ezenarrok eta Hendaiako Euskararen Delegatu Itziar Aizpuruk.

Hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lehen Mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun, milaka dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko elkartzen direnak, «herriz herri egitasmo hau sustatzen duten euskara elkarte, euskaltegi eta eragileei esker».

Agerraldian eskaini dituzten azkeneko datuen arabera, 6.000 pertsonatik gora biltzen dira astero aurrez-aurre eta beste 1.000 aritzen dira sarean.

Maite Agirrek azaldu duenez , azken bi urte hauetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eskaini diena, eta asko handitu da parte hartzea.

«Mintzaneteko edo Jalgi hadi mundurako sareetan mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideak ere aurtengo Mintza egunean izango ditugu, denok elkartzeko aukera eskainiz», gaineratu du.

Berrikuntza horrez gain, aurtengo Mintza egunak ere badu beste gehigarri bat. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Gorrak federazioak pilotaje bat jarri dute martxan pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatu dezaten eta Agirrek iragarri duenez aurten lehen aldikoz Mintza Egunean zeinu hizkuntzako interpreteak egongo dira.

Mintza eguna aurreko urteetan, ondorengo herrietan izan da, udaberrian beti. Hala Iruñean, Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Urkabustaizen, Beran, Atarrabian, Derion, Hondarribian eta Lapuebla de Labarcan ospatu dute lehenean ekimena.

Bi urtez ezin ospatuta ibili ostean, Hendaian izango da aurtengo Mintza Eguna, ekainaren 5ean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, besta honen helburua beti izan da txoko guztietako mintzalagunak beraien artean elkartzea, euskaraz egunpasa eder bat eginez. Horrendako «Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi ditugu jaira, harreman berriak sortzeko eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutzeko aukera bikaina delako».

Hendaiako Mintzaian elkartearen eskutik

Aurten Lapurdira zabalduko dute, beraz. Topagunearen Mintzapraktika ekimena, Hendaiako Mintzaian euskara elkartearen eskutik.

Hain zuzen, beraiek ari dira Euskaltzaleen Topagunearekin batera Mintza Egunaren antolaketan. Eleuterio Jauregik gaurko agerraldian oroitarazi duenez, «2015etik dihardugu Hendaian euskalduna eta euskaltzalea egiten». Hain zuzen, urte hartan herrian burututako Plan Estrategikoaren baitan sortu zen Hendaiako euskara taldea, gerora Mintzaian elkarte gisa antolatu eta Euskaltzaleen Topaguneko kide bihurtu dena.

«Hasieratik gure helburu nagusia izan da euskararen erabilera Hendaian bultzatzea eta euskaraz aritzeko aukerak biderkatzea». Jauregiren ustez Hendaiako esperientzia baliagarria izan daiteke «Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta oro har Iparraldeko euskalduntzean eragiteko».

Ekainaren 5ean Mintza Egunera etortzen direnek Hendaia gertutik ezagutu eta Mintzapraktika zer den probatzeko aukera izango dute, egun osoko egitarauaren bueltan. Gaztelu aretoa izango da jaiaren gune nagusia eta hainbat autobus antolatu dituzte Hendaiara etortzeko.