INFO

Ipar Euskal Herriko hainbat ikastolak 50. urtemuga ospatzen dute

Herri Urratsek utzitako zapore gozoarekin jarraitzeko Ipar Euskal Herriko hainbat ikastola bere 50. urtemuga markatzeko antolaturiko ospakizunetan murgilduko dira ondoko aste eta hilabeteetan.

Hendaiako mediatekan ikusgai da Gure Ikastolaren ibilbidea jasotzen duen argazkien erakusketa. (Guillaume FAUVEAU)

Hendaiako ikastolak agerraldi ofiziala antolatu zuen Herri Urratsen atarian; 2021-2022 ikasturtean zehar hainbat ekimen antolatu du Gure Ikastolak, Ipar Euskal Herriko bertze hainbat ikastolak bezala bere mende erdia ospatzeko. Herriko agintarien sostenguz antolaturiko agerraldia François Mitterrand mediatekan antolatu zuten, bertan ikastolaren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabalik baita.

Urte hasieratik hainbat ekimen burutu badituzte ere hemendik eta kurtso bukaera artean egitarau oparoa gauzatuko dute ikastolako buraso, haur eta irakasleek.

Hitzordu batzuk soilik aipatzearren, maiatzeko ostiraletan bizikletabus bat martxan emanen dute ikastolara txirringaz joateko ohitura bukltzatzeko.

Hilaren 15ean mendi irteera antolatu dute eta maiatzaren 28an ‘ikasi taloak egiten’ ekimena antolatu dute Irandatzen.

Ekainean zehar, haurrentzako skate erakustaldia, Hendaiako historia ezagutzeko ibilbidea eta dantzari txikiaren eguna antolatuko dute, besteak beste.

Finean, ekainaren 25ean eginen dute urtemugaren besta handia. Egun horretan Gaztelu Zahar kultur etxeko aretoan zein kanpoaldean egun osoko egitaraua antolatu dute. Haurrentzako jolasak, bazkaria eta kontzertuak ez dira faltako Gure Ikastolaren 50. urtemuka markatzeko data esanguratsu horretan.

Kontzertu handia Ortzaizen

Ortzaizeko ikastolak maiatzaren 28ko data hautatu du besta handirako. ‘Ikastolafest’ izeneko kontzertua prestatu baitute Nafarroa Behereko ikastola horretako lagunek. Airoski kiroldegian iraganen den kontzertuan punta-puntako talde hauek arituko dira: Aurtengo Herri Urratseko kanta egin duen Zetak taldearekin batera Gatibu eta Xiberoots taldeak arituko dira 20.00etatik aitzin.

Azkaineko irakasle, buraso eta ikasleek bi kolpetan ospatuko dute ikastolaren sorreraren merdi erdia.

Senpereko lakuaren inguruan joan zen igandean, maiatzaren 8an, iragan zen euskalzaleen hitzordu nagusiaren bezperan mendeurrena markatzeko prestaturiko ikuskizuna erakutsi zuten arrakasta handiz Kiroleta aretoan.

Maiatzaren 22an, berriz, Mokofinen ibilaldia antolatu dute. Herriko plazatik abiaturik bederatzi kilometroko luzera duen martxa egingo dute. Bost geldiune izanen ditu eta bakoitzean hainbat produktu dastatzeko aukera emanen du martxak.

Finean ekainaren 18an egun osoan zehar besta antolatu dute Azkaineko herriko plazan.

50. urtemugara heldu diren Ipar Euskal Herriko ikastolen zerrendan ezin ahantzi Donibane Garaziko ikastola.

Nafarroa Behereko hiriburuan jada joan zen apirilaren 17an egun osoko egitarau aberatsarekin ospatu zuten ikastolaren mende erdia.

Bertso saioa Biriatuko ikastolaren alde

Eskarmentu handiko ikastolen aitzinean ibilbide askoz laburragoa du Biriatuko ikastolak. Izan ere, Lapurdiko herri horretan burasoen bultzadapean sorturiko ikastola berria sostengatzeko ekimen berezia antolatu dute heldu den maitzaren 14rako.

Arratsaldeko 17.30etik goiti, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Arzallus eta Maddi Ane Txoperena arituko dira.

Aurtengo kurtsoari 21 haurrekin aurre egin diote ‘Frantxa baita’ etxean kokaturiko ikastola txikiak.