INFO

Mungiako Udaleko talde guztiek gaitzetsi dute Bizkaika-Akitania interkonexioko proiektua

Mungiako Udaleko EAJ, EH Bildu, Monte Berriaga, Elkarrekin Podemos-IU-Equo eta PSE taldeek Bizkaiko Golkotik Akitaniara ur azpitik kable bat lotzea aurreikusten duen makroproiektua gaitzetsi dute.

Mungiako udaletxea. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Mungiako udal talde guztiek iritzi dute Bizkaia-Akitania ur azpiko interkonexiorako proiektua ez dela beharrezkoa eta, gainera, ez datorrela bat XXI. mendeko eredu energetikoarekin. Hori dela eta, EAJ, EH Bildu, Monte Berriaga, Elkarrekin Podemos-IU-Equo eta PSE taldeek adierazpen instituzional bateratu batean proiektua gelditzeko galdegin dute.

Zazpi puntutan jaso dituzte aipatu taldeek Gatikatik Bordele inguruetara argindarra garraiatzeko kable erraldoi bat eraikitzea aurreikusten duen proiektua gaitzesteko arrazoiak. Uste dute era honetako azpiegitura erraldoiek egungo «kontsumo energetikoaren hazkunde geldiezinak sortutako beharrizanei erantzuten diela» eta, kontrara, badirela tokiko alternatiba jasangarriagoak.

Adierazpenean, gogora ekarri dute azpiegitura bera nahiz azpiegitura instalatzeko lanak arriskutsuak izan daitezkeela pertsonen osasunerako, baina baita ingurumenarentzako ere, «eragina baitauka lurrean, basoan eta faunan, paisaia eta itsas- ngurunea aldatuz», Butroi ibaian barne.

«Interkonexioaren proiektuak, energia elektrikoa trukatu ahal izateko goi tentsioko bestelako linea eta azpiegiturak ere gure herritik pasatzea eragingo luke», gogorarazi dute udal taldeek. Mungiarako nahi duten eredu sozioekonomikoa, ordea, kontrakoa dela diote, «zonaldearen balioaren gutxitzea suposatuko baitu proiektuak, eta herria degradatuko du», agertu dute udal taldeek.

Udalak eskatu du proiektuak aurrera egingo balu har daitezela kontuan «ondorio kaltegarriak minimizatzeko» erakunde honek egin ditzakeen errekerimenduak, baita balizko neurri zuzentzaile eta konpentsazio ekintzak ere.