INFO

Ugutz Robles-Arangiz kulturgilea zendu da

Ugutz Robles-Arangiz kultur ekintzailea zendu da, 83 urte zituela. Bere iloba Naia Robles-Arangiz abeslariak eman du haren heriotzaren berri sare sozialen bidez. 

Ugutz Robles-Arangiz, Hazparnen hartutako irudian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Kontalari, txiste-egile, antzerkigile, dantzari, abeslari.. Euskal Herria eta euskara erdigunean jarriz oso bestelako kultur eta herri egitasmoetara lotu zen bere bizitzan zehar zendu berri den Ugutz Robles-Arangiz. 

Bere iloba Naia Robles-Arangiz abeslariak eman du Beskoitzeko kultur ekintzailearen heriotzaren berri sare sozialen bidez. Bere aldeko ehorzketak, berriz, maiatzaren 17an, astearteareki iraganen dira 15.30tik goiti Hazparneko elizan.

Frankoren diktaduratik ihes egin behar izan zuen familia abertzale batean sortu zen Ugutz, 1939an, Bidarten.

Aita, Manu Robles-Arangiz, ELA sindikatuko lehendakaria izan zen. Estitxu, arreba, goizegi zendutako kantari aparta, Irkus anaia margolaria, Naia iloba abeslaria, Ugutz bera txiste kontalari eta kantari…  Joseba Aurkenerena idazle urruñarrak azaldu bezala, «denak sendi honen adarretatik sorturiko artistak ditugu».

Beskoitze eta Bilbo artean

Mintzoak Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren atariak jasotzen duenez Ugutz Beskoitzeko eskolara joan zen 1944tik goiti. Gerla denboran, familia ahal bezala bizi zen laborantzaz, aita erresistentzian sartua zelarik.

Robles-Arangiztarrak 1952ean itzuli ziren Bilbora eta Bizkaiko hiriburuan lau haizeetara zabaldu zuen Ugutz gazteak bere kultur zaletasuna.

Arte eta Ofizioen eskolan ikasi zuen eta berdin pintura, antzerkia edo dantza alorretan jarduteko aukera baliatu zuen.

Txinparta taldean aritu zen antzerkia egiten eta dantzari gisa Olaeta balletaren baitan jardun zuen. Tenore ahotsa zuen baita ere eta Soroak Lakoarekin ibili zen.

Bi anaia atxilotu zituztenean 60. hamarkadan, 21 urte zituela berriz Ipar Euskal Herrira itzuli zen. Antzerkigintzaren aro oparoa bertatik bertara bizi izan zuen. Beskoiztarrak taldearekin aritu zen eta Telesforo de Monzon eta Piarres Larzabalen antzezlanak taularatu zituen.

Daniel Landarten bultzadapean eratu zen Euskal Antzerkilarien Biltzarreko partaide izan zen.

1970. hamarkadaz geroztik umorearen generoa bere egin zuen. Txiste kontalari gisara jardun zuen, berdin herri ikuskizunetan zein hedabidetan. Oroitzearren, ETBko ‘Goraintzi’ saioan aritu zen.

Beskoitzen erroturik, bere familiaren Leku Eder etxea bizileku izateaz gain bertan Amalur jatetxea ireki eta atxiki zuen 1975etik 1988ra.

Ikastolen alde, bakegintza sustatuz

Ugutzek ere bizitza osoan zehar euskal kultura bultzatu zuen, betiere abertzale ikuspegiarekin txertatuz. Ikastolen aldeko zein bakegintza sustatzeko ekimenak babestu zituen.

Bere heriotzaren berri zabaldu bezain pronto dolumin mezu ugari heldu dira. Beskoitzeko ikastolak mezu hau plazaratu du Facebook sarearen bidez: «Doluminak Beskoitzeko ikastolako familia guzien partez. Oroituko gira beste ainitzen artetik Manex Pagolaren omenaldian, Urketan, Ugutzek nolako giroarekin animatu zue omanaldiaren ondoko afaria. Ez adiorik eta mila esker!».

«Gure lagun Ugutz Robles-Arangiz zendu da. Euskal Herriaren alde dena man duena. Faltan botako zaitugu Ugutz. Besarkada familiari. Agur eta ohore», idatzi du, berriz, Ipar Euskal Herriko Eusko Alkartasunak.