INFO

Bizkaiko metalgintzako langileek plataforma bateratua erregistratu dute, «indarrak batzeko»

Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren zazpigarren bileran, ordezkaritza duten lau sindikatuek plataforma bateratu bat erregistratu dute, hitzarmen «duin» baten alde. Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak negoziazioa «blokeatu eta moteldu besterik» ez duela egin salatu du LAB sindikatuak.

Bizkaiko metalgintzako langileek plataforma bateratua aurkeztu dute. (FOKU)

Bizkaiko metalgintzako langileen negoziazio-mahaiaren lau sindikatuek plataforma bateratu bat aurkeztu dute astelehen honetan, «hitzarmen duin baten alde borrokatzeko», LABek ohar bidez jakinarazi duenez. Negoziazio-mahaiaren zazpigarren bilera honetan, sindikatuak salatu du elkarrizketa hasi zenetik FVEM patronalak prozesua «moteldu eta blokeatu» besterik egin ez duela. Plataforma berri honen helburuak dira patronalaren aitzakiak «desmuntatzea» eta «inmobilismo eredutik ateratzea».

LAB sindikatuak azaldu duenaren arabera, aurkeztutako plataformak hamar puntu biltzen ditu. Honakoak dira: KPItik gorako soldata-igoerak, Gutxieneko Bermearen artikulua egokitzea eta %100era igotzea, lanaldia murriztea, jarduera guztietarako subrogazioa, ABLEak mugatzea, malgutasuna mugatzea, telelana arautzea, ordaindutako lizentziak egokitzea, berdintasunaren aldeko neurriak eta sektoreko amiantoaren arazoari aurre egiteko neurriak.

Bide batez, plataforma bateratuaren erregistroari erantzuteko epe bat eman diote patronalari. Hala, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) negoziazioa blokeatuz eta lan-baldintzak hobetzeari uko eginez erantzuten badu, LABek «argi» dauka bidea «sindikatu guztien aliantzak, aktibazioa eta borroka» izango dela.

«Gaur lehen urratsa egin dugu plataforma bateratu bat aurkeztuz eta sektoreko sindikatu guztiak mobilizatuz. Bai mahaian ordezkaritza dugunok, bai ez daudenak. Patronalak positiboki erantzuten ez badu, LABek argi dauka aukera bakarra sektoreko borrokarena eta greba-deialdiarena dela», zehaztu dute sindikatutik.