EiTB sortu zeneko 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute Bilbon
EiTBk astelehen honetan hasi ditu sortu zeneko 40. urteurrenaren ospakizunak, Bilboko Guggenheim museoan egin duen ekitaldiarekin.
EiTBk bere 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du astelehen arratsalde honetan Bilbon, Guggenheim museoan. Izan ere, maiatzaren 20an beteko dira lau hamarkada Gasteizko Legebiltzarrean EITB sortzeko legea onartu zenetik.
Ospakizunean izan da Lakuako Gobernuko ordezkaritza zabala, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, baita EAEko hainbat erakundetako ordezkariak eta Bilbo eta Gasteizko alkateak.
Haiekin batera, EiTBren sorreran lehen urratsak egin zituen Hamburgoko taldea deiturikoan parte hartu zutenak izan dira, eta EiTBk bere ibilbidean zehar izan dituen zuzendariak: Andoni Aldekoa –gaur egungoa–, Maite Iturbe, Alberto Surio, Andoni Ortuzar, Iñaki Zarraoa, Josu Ortuondo eta Jose Maria Gorordo.
ETBko zuzendari Unai Iparragirre, Edu Barinaga, Bingen Zupiria, Koldo Anasagasti eta Luis Alberto Aranbarri ‘Amatiño’ eta Eusko Irratia, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako zuzendariak izan dituzte ondoan, baita EAEko irrati-telebista publikoko kazetariak eta beste hedabide batzuetako ordezkariak.
Nerea Reparaz eta Joxe Mari Iriondo gidari izan dituen ekitaldiak ordubete inguru iraun du eta bertan EiTBren ibilbidearen une garrantzitsuenak oroitu dituzte.
Musikarako tartea ere izan da Olatz Salvador abeslariarekin; Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadik EiTBren telesail eta saio historikoak gogora ekarri dituzte eta dantza emanaldia Andoni Arestiren eskolaren eskutik iritsi da.
Euskadiko Orkestrak, bestalde, 40. urteurren honetarako sortu duen fanfarria estreinatu du; bertan jasotzen dira irrati eta telebistako melodia ezagunenak.
Urkulluk hitza hartu du eta EiTB «gauza askotan» aintzindari izan zela nabarmendu du. Martxan jarri zuten guztiei eskerrak eman dizkie eta EiTB «sortu, hazi, zabaldu eta indartzeaz» gain «Euskadiren erakundetzean ere ekarpen izugarria» egin dutela esan die.
«Informazioaren eta entretenimenduaren bidez gure hizkuntza eta kultura, gure bizimodua eta nortasuna indartu duzue… Gure izaera eta bizimodua erakusten duten irudi eta soinuekin gure herriaren eta gizartearen ikus-entzunezko ondare aberats bat sortu duzue», nabarmendu du.
Horrekin batera, euskara normalizatzeko egindako «ahalegin izugarria» goraipatu du.
Esan duenez, egun, bataz beste, hiritar bakoitzak berrogei minutu ematen ditu egunero EiTBren edukiak jarraitzen telebista, irrati edo interneten bidez.
«Marka handia da eta hori da etorkizuneko xedea: gure nahia da txoriak urte luzez jarraitzea hegan, kantan eta dantzan, gure herriaren nortasuna indartzen eta zabaltzen», amaitu du.