INFO

Inoizko finalik nafarrena jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok Nafarroa Arenan

2014an jokatu zuten Martinez de Irujok eta Julen Retegik nafarren arteko azken Buruz Buruko finala; hau, gainera, Iruñean izango da.

Joseba Ezkurdiak eta Unai lasok ikusmin handia piztu dute Nafarroa Arenako finalerako. (Andoni CANELLADA/FOKU)


Pilotaren historiari erreparatuta, Buruz Buruko final batean bi nafar aurkitzeak, berez, ez luke zertan esanguratsua izan, nahiz eta azkena topatzeko 2014ra arte egin beharko genukeen atzera, Atano III.ean Martinez de Irujok eta Julen Retegik jokatutakora. Txapel kontuei erreparatuta ere, Ezkurdiak edo Lasok jantziko dutena nafar baten burura joan den 46.ena izango da eta urrun geratzen dira Gipuzkoara joandako 17ak edo bizkaitarrek jantzitako 10ak. Hori bai, horietako denak Gipuzkoa, Bizkaia edo Araban banatutakoak izan dira, eta hau izango da Iruñean banatuko den lehena, eta hortik, inoizko finalik nafarrarena: bi finalistak nafarrak izateaz gain, partida ere hiri buruzagian jokatuko delako.

Eta bietako edonork irabazten duela ere, palmaresean izen berri bat agertuko da, bai arbizuarrarentzat bai Bizkarreta-Gerendaingoarentzat lehen Buruz Buruko finala baita 2022koa. 2013an Aimar Olaizolak egin zuenetik inor ez da txapela defendatzeko gai izan eta denera 30. txapelduna izango da maiatzaren 29an 22.kartoira heltzen dena; 14. nafarra.

Txapela Joseba Ezkurdiak lortuko balu, bere lehen mailako bosgarrena luke Binaka eta Lau eta Erdian bina jantzi baititu aurretik eta kasu horretan hiru modalitateetako txapelak bururatu dituen historiako bederatzigarren pilotaria bihurtuko litzateke Julian Retegi, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Mikel Urrutikoetxea eta Jokin Altunarekin batera.

Igandeko erakustaldiaz gain, arbizuarrak badu esperantzarako beste motiborik, orain arte jokatutako lau finalak irabazi baititu, tartean Nafarroa Arenan jokatutako kaiolako biak.

Unai Lasorentzat hirugarren finala izango da Buruz Burukoa, baina ez Lau eta Erdikoan ez Binakakoan ezin izan zuen Jokin Altuna gainditu. Bere lehen mailako lehen txapela luke Bizkarreta-Gerendaingoak duela urtebete afizionatuetan jokatzen aritu eta gero eta oraintxe bera da kalera bidali zuen Baikoren esperantza 2017an Oinatz Bengoetxeak jantzi zuen enpresaren azken txapela berreskuratzeko.

Altunak uko kontsolazioari

Bestalde, txapelketako hirugarren postua –eta finalistetakoren batek arazoren bat izango balu, finalerako txartela–, Erik Jakarentzat izango da, Jokin Altunak uko egin baitio igandean Zumaian iragarria zuten partida jokatzeari. Ezker eskua ez du erabat osatua eta atsedenak ez dio batere kalterik egingo.