INFO

Paulus Basurco, Esnalen abokatua: «Justizia ezin da egoera aldaketa aitortzen duen azkena izan»

Jakes Esnalek aurkezturiko baldintzapeko askatasunaren bigarren eskaera aztertuko du ostegun honetan Parisko Dei Auzitegiak. Kasazio Gortean fiskalak ezarritako «oztopo teknikoa» gainditzea lortu zuen defentsak. Bere alde duen faktore bakarra ez bada ere, «auzi gogorra» espero du abokatuak.

Esnalek 71 urte bete zituen egunean bere herrian, Donibane Lohizunen, eginiko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Maritxu Paulus Basurco abokatuak eztabaida juridiko gogorra aurreikusten du ostegun honetan Parisko Dei Auzitegian iraganen den auziaren baitan.

Edonola ere, saioaren bezperan NAIZekin hizketan nabarmendu duenez «2018tik hona izan diren aldaketak hain dira argiak eta eztabaidaezinak gero eta zailago izanen duela fiskalak urte luzeetan erakutsi duen jokabideari eustea».

Aurreko auziari Ile-de-Reko kartzelatik egin zion aurre dagoeneko bere 32. urteko espetxealdian sartuta dagoen Jakes Esnalek.

Oraingoan euskal preso gehienak hartzen dituen Lannemezango kartzelatik jarraituko du, bideokonferentziaz, baldintzapeko askasunari buruzko audientzia, bere abokatua ondoan izanen duela.

«Burua hotza atxiki behar dugu; badakigu hainbat elementu gure alde bildu ditugula eta horrek indar bat ematen digula baina auzia berria da, epaile berri batekin, eta ez dugu amets egiten fiskalaren jarrerari buruz», azaldu du Maritxu Paulus Basurco abokatuak.

Abokatuak oroitarazi duenez «berezia da oso baldintzapeko askatasunari buruzko auzia». Zehaztu duenez, «zigor epaiketa batean frogek kontatzen dute, baina hau bezalako prozedura batean pertsonalitatea, ibilbidea, jarrera, bizitza proiektua.. beste mota bateko eremuan kokatzen gara, ez gaude elementu objektiboen gaineko eztabaida soilean».

Hala eta guztiz ere, ttantto garrantzitsu bi eskuetan helduko da lohizundarraren defentsa audientziara.

2020ko maiatzaren 12an Parisko Dei Auzitegiak orduan 69 urte zituen presoa baldintzapeko askatasunean libre ateratzearen aldeko ebazpen bat hartu zuen.

Fiskalak ezarritako helegiteak bertan behera utzi zuen erabakia. «Finean ebazpen horretatik landa abiatuko da biharko eztabaida», azaldu du abokatuak.

Izan ere, iragan martxoan Kasazio Gorteak eman zuen iritzia aintzat hartu beharrekoa da.

Esnalen askatasuna errefusatzeko xede presoa CNE izeneko balorazio batzordearen aurrean ez zela aurkeztu argudiatu zuen fiskalak.

Defentsak Kasazio Gortera jo zuen, lege aldaketa tartean desmartxa hori gomendagarria bai baina nahitazkoa ez zela arrazoituz.

Instantzia horretan ezarritako helegitea aurrera atera zenez, «argudio tekniko hori gaindituta helduko gara audientziara», iradoki du Paulus Basurcok.

Alta, aurrekari horien garrantzia mespretxatu gabe, «horiek ez dutela inondik inora auziaren norabidea markatzen», ohartarazi du abokatuak.

«Finean eztabaida juridikoa behar da eman, eta saio gogorra espero dugu, ezerk ez duelako jakitera ematen fiskalak bere ohiko jarrerari uko eginen diola; are, harritzekoa litzateke oso fiskala baldintzapeko askatasun galderaren aurka ez azaltzea», laburbildu du Esnalen abokatuak.

Zerk eginen du ezberdin osteguneko auzia ?

«Elementu berriak baditugu dosierrean, bistan da, baina xehetasunetan sartu gabe nire ustez denboraren faktoreak markatuko du saioa».

Bigarren eskaera bere bidea egiten hasi zenean, 2018an, testuinguru zehatz bat zegoen.

Sendotasun handiko epai baten bidez jujeak «Euskal Herrian azken hamarkadan eman den bilakaera politikoa aintzat harturik» Esnal berme batzurekin bada ere aske uztea babestu zuen. Alta, fiskalak Esnal askatzeko prozesua geldiarazi zuen.

«Edonola ere, ahal zen, nahi izanez gero, ETAren amaiera ofiziala gertakari berria zela argudiatu, baina bost urte igarota inork ahal du serioski adierazi zalantza bat dagoela bukaera horri buruz?», galdetu du abokatuak.

Estatu Batuetako agintariek ETA «erakunde terroristen zerrendatik» ezabatzeko erabakia aurreratu du aste honetan bertan.

Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak bere egin ohi duen «berriz delitua egiteko edota desordena publikoa sortzeko arriskua»ren argudioa dagoeneko «guztiz hipotetikoa» zelakoan baztertu zuen epaileak bere aurreneko ebazpenean.

Izan ere, beste elementu batek zaharkituta utzi du fiskalak baliaturiko argudioa.

2020ko azaroan komando berekoa zen Frederic Haranburu libre geratu zenean aipaturiko arriskuak izan zituen fiskalak. «Geroztik gertatu dena ikusita, argudio horiek ere deuseztatuta gelditu direla» mahaigaineratu du abokatuak.

«Denborak oraindik pisu gehiago hartu du»

Handik aurrera «ikuspuntu ezberdinetatik begiratuta ere denboraren faktoreak bestelako pisua hartu du, guretzako erabakigarria den pisua», laburbildu du Paulus Basurcok.

Alde batetik, presoak adinean aurrera egin duelako: Jakes Esnalek 71 urte bete zituen iragan abenduaren 18an.

Bestetik, kartzelaldiaren 32. urtean sartuta dagoenez, «oraingoan bai zalantza izpirik gabe onartu behar da espainiar Estatuan eginiko ekintzengatik zigortua izan zen presoa espainiar Estatuan izan balitz, bete beharreko epea gaindituta, dagoeneko kalean legokeela».

Hain zuzen, Argala komando bereko kide den Unai Parotek badira hiru urte amaitu zuela bere zigorra. Espetxean jarraitzen du, baina ez jatorrizko sentenziarengatik baizik eta beste zigor bat gehitu ziotelako.

Are, Jakes Esnali egotzitako ekintza berberengatik kartzelan sartu zituzten beste hainbat ETAko kide ohi kartzela zigor luzeak bete ondoren libre dira ere bai.

«Edonola ikusita ere, denbora agorpen baten aurrean gaudela esango nuke, eta agerikoa da oso bestelako eremuetan, aktore ezberdinen aldetik aldaketak eman direla, baita hain sentibera den biktimen eremuan ere, non ahots eta mezu ezberdinak entzuten ditugun gaur egun», baloratu du Paulus Basurcok.

Euskal gizarteak egin duen ibilbidea aintzat hartuta, Jakes Esnalen defentsak neurtutako esperantza agertu du biharko auziari begira. «Agian pentsatu nahi dudalako Justizia ezin dela egoera aldaketa aitortzen duen azkena izan».

Mobilizazioak

Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek mobilizazioak antolatu dituzte zigorrak beteta dituzten bi presoren askatasuna eskatzeko.

Hala, maiatzaren 13an, Ion Kepa Paroten audientziaren egunean mobilizazioa egin zuten Baionan.

Preso baionarrak baldintzapeko askatasunean ateratzeko aurkezturiko seigarren eskaera aztertu zuen egun horretan frantses Justiziak. Fiskalak Jakes Esnal bezala 32 urte kartzelan daramatzan Ion Kepa Parot aske uzteko goizegi zela aldarrikatu zuen auzian

Bihar iraganen den audientziarekin beste hainbeste eginen dute Jakes Esnalen sorterrian. Bake eragileek hitzordua eman dute 19.00etan Louis XIV plazan.