INFO

20. urteurrenaren harira, martxa antolatu du Bilgune Feministak igandean Algortatik Bilbora

‘Eztandak dardara gaitzala’ lelopean, martxa feminista burutuko du Bilgune Feministak igande honetan, maiatzak 22, Algortatik Bilbora bere 20. urteurrena ospatzeko. Ekimen hau, egitasmo handi baten parte izango da, Euskal Herri osoan proiekzioa izango duena.

Foto de archivo de una movilización feminista en Bilbo. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Algortatik Bilbora martxa antolatu du igande honetarako, maiatzak 22, Bilgune Feministak bere 20. urteurrena ospatzeko.

10.00etan Algortatik atera eta eguerdian Bilbora helduko da martxa. Bidetik, Bizkaiko zubian eta Erandion geldialdiak egingo dituzte. Ibilbidea girotua egongo da eta hainbat ekimen burutuko dituzte. Bukaera ekitaldia Deustuko Done Petri plazako frontoian izango da, eta bertan jatekoa emango dute eta jai giroa izango da.

Ekimen hau, egitasmo handi baten parte izango da, Euskal Herri osoan proiekzioa izango duena eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren ibilbidea gogoratu eta ospatuko duena eta ekainaren 11 eta 12an amaituko dena, Oñatin, topagune feministan.

«Borrokaz eta ilusioz» beteriko 20 urte hauek luzeak izan direla nabarmendu du Bilgune Feministak: «zapalkuntza hirukoitzaren markotik abiatu ginen; gure gorputzak, gure territorioak gure erabaki bilakatu; elkartu, antolatu eta arrakalak zabaldu ditugu, abortu eskubidea aldarrikatzeko, indarkeriari aurre hartzeko edo beldurrak gurekin jai! ozen esateko; emakumeon eskubideak borrokatuz bizitza duinak aldarrikatu ditugu; bake hau gurea ez dela salatu eta autodefentsa feministaz armatu gara; espetxe martxara bisitan emakume preso politikoekiko distantzia laburtu dugu; burbuila nuklearrak suntsitu eta gure baitako mugak hautsi ditugu, eta heteroaraua desobeditu eta plazerez lehertu dugu».

Bilbon Handia «plaza zaila bezain indartsua» izan dela azpimarratu dute: «Kapitalak forma basatiak hartzen dituen gune hauetan, feministok lehen lerroan izan gara, feministok lehen lerroa hartu dugu, erdigunea hartu dugu. Pentsionistekin hasi eta ikasleekin ere saretzera heldu gara, auzoetan, herrietan, aliantzak sortu eta elkarrekin etengabeko eztandak sortu ditugu«.