INFO

‘Hirugarrena orduan’, abortua haurrei azaltzeko ipuin ilustratua

Bizitzaren parte diren zenbait gertaera haurrei nola azaldu ez dakigula topatu dugu laguntza sarri literaturan. ‘Hirugarrena orduan’ (Denonartean) abortuari naturaltasuna eta argia ekartzera dator, gertu dugun errealitate bat izan arren, tabua delako.

Mimatuz kolektiboak abortuari buruzko lanarekin abiatu du ibilbidea. (Xabi ETXANIZ ULAZIA | DENONARTEAN)

Ez da auzi erraza, eta akaso horregatik da beharrezkoa. Nola azaldu semea edo alabari bidean zetorren haurra ez dela jaioko? Nola uler dezake ume batek batzuetan bizitza munduratu aurretik eten daitekeela? Egunerokoan haur literatura behar beharrezkoa da txikiei mundua ulertuarazten saiatzeko, errealitatea konplexua eta anitza dela ikustarazteko. Asmo horretan, badoaz deserosoak diren gaiak pixkanaka txertatzen, eta gaur egun adibidez haurrei heriotza azaltzeko hamaika izenburu daude. Ez da ordea errexa abortua bezelako gertaera bat azaltzen duen lan bat topatzea. Gauzak honela, Maitane Unanue eta Mirari Alkorta egileak, Mimatuz kolektiboa, hutsune bat betetzera datoz. ‘Hirugarrena orduan’ ipuin sistemikoa idatzi dute Denonartean argitaletxearen eskutik, eta istorioa Xabi Etxaniz Ulaziaren ilustrazioekin borobildu dute.

Bizipen pertsonaletan oinarrituta idatzi dute, eta kasua haur literaturara eramateko zalantzarik ez dute egin. Desio dute beste familia batzuei zein haur hezkuntzan ari diren irakasleei baliagarria izatea.

Unanuek berak azaltzen duenez, kontaketa metaforarik gabekoa da, oso errealista da eta argi eta garbi azaltzen du zer den abortu natural bat. «Gaia azaleratu nahi genuen, behar duen lekua eman eta, aldi berean, loratu ez diren hazitxoei espazio bat eskaini. Jaio ez diren horiei beren lekua eskaintzeak badu bere garrantzia, eta nolabait eskertza ere badago, askotan horiengatik datozelako hurrengoak. Nik hirugarren haurdunaldian abortua izan nuen, eta hori gertatu ez balitz agian ez litzateke nire laugarrena jaioko», hausnartzen du egileak.

Abortua «pasa den zerbait» dela onartzearen garrantzia eta hala transmititzearen inportantziaz hitz egiten du. «Ipuin bezala diseinatuta dago, baina bide bat zabaldu nahi dugu, tresna bat izan dadila. Zerbait berezia da abortua, jaiotzera iritsi ez den heriotza bat. Familia batean pisu handia hartzen du horrek, eta anai arreben artean galderak sortzen dira. Bakoitzak duen lekuaz, zenbagaberrena den bakoitza…», kontatzen du izan duen esperientziaren ondotik.

Amak eta aitak Maddi alabari azaldu behar diote espero zuten haurra galdu dute. (Xabi Etxaniz Ulazia I Denonartean)

Bost emakumeetatik batek abortu bat izaten duela diote zifrek eta, hala ere, gaia itzaletan dago oraindik. «Zortzigarren astean gerta daiteke, edo zortzigarren hilabetean. Gauza asko daude kontatzeko. Zure eskuetara iritsi aurretik galdu duzun zerbait da, baina zure sabelean egon da eta ama bezala sentitu duzu, eta idatzi du istorio bat zure baitan eta zure familiaren baitan. Horrek guztiak sortzen ditu ametsak eta asmoak, eta bukatu dela esaten dizutenean… uf», dio.

Bizitzari itxaropenez begiratu

‘Hirugarrena orduan’ ipuinak ama, aita eta Maddi alaba aurkezten dizkigu. Ekografia batekin heltzen da albistea: Izarren bihotzak ez du «danbor hotsik egiten». Maddik bost urte ditu eta ez du ezer ulertzen. Triste dago, munduarekin haserre. Etxe ondoko tontorrera igo dira, eta agur eskutitza bat idatzi diote, lore zuri batekin.
Egileen aburuz, «agurtu ahal izateak sekulako garrantzia dauka». Senide bat edo lagun bat galtzen dugunean fisikoki alboan izan dugunez, eta bizipenak konpartitu direnez, «errezagoa» da. «Hau zaila da, baina uste dut zor diegula agur eder bat datorrena ere hobeto hartzeko».

Ipuinak etorkizuna itxaropenez begiratzera animatzen du. (Xabi Etxaniz Ulazia I Denonartean)

Pedagogia sistemikoaren masterrean gako asko bereganatu zituzten lana ondu ahal izateko, lanerako tresna bat ere izan dadin. Besteak beste, irudiek pisu berezia dute. Xabi Etxanizek teknika digitalarekin egin ditu testuraz beteriko ilustrazioak, eta kolore apalak eta lerro finak baliatu ditu. Eta sinpletasunetik lortu du emozioak komunikatzea. Tristura, galeraren minak eta pozak. Zeren ipuina ez da drama ezta tragedia bat, bizitza naturaltasunez transmititu nahi baitu, eta etorkizunari itxaropenez begiratu.