INFO

Luis Garcia Plaza izango da Alaveseko entrenatzaile berria Bigarren Mailan

Luis Garcia Plaza izango da Alaveseko entrenatzaile Bigarren Mailako aro berrian. Julio Velazquezek jarraituko ez duela iragarri eta hiru ordura egin du ofizial teknikari berriaren iritsiera.

Luis Garcia Plaza, Mendizorrotzan, Mallorcako entrenatzaile moduan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Alavesek ezin izan zuen denboraldia garaipen batekin agurtu eta Lehen Mailako talderik eskasena bezala jaitsiko da Bigarren Mailara. Denboraldi bukaeran ohikoa den legez, hurrengo denboraldira begira bulegoko lanak hasi dira jada. Hala, klub babazorroak iragarri du utzita jokatu duten jokalari guztiak beraien taldeetara itzuli direla (Miazga, Loum, Manu Garcia, Escalante, Manu Vallejo eta Pellistri).

Jokalari horiez gain, Julio Velazquez entrenatzaileak jarraituko ez duela ere iragarri du klubak eta arratsaldean teknikari berriaren iritsiera baieztatu du. Asko ziren honen inguruko zurrumurruak eta azkenean baieztatu da Luis Garcia Plaza izango dela Alavesen entrenatzaile berria.

Julio Velazquez ordezkatuko du madrildarrak eta azken sei urtean –Lehen Mailara igo eta Pellegrino iritsi zenetik– klubak iragartzen duen hamabigarren teknikaria bilakatu da, Bigarren Mailako aro berria hasten duen lehendabizikoa. Klub gasteiztarrak ohar txiki batean nabarmendu duenez, Garcia Plazaren «lorpenen artean daude Levante eta Mallorcarekin Lehen Mailara igotzea». Mallorcarekin iazko denboraldian lortu zuen igoera baina ez du ikasturtea bukatu, denboraldi erdian kaleratua izan baitzen. Javier Aguirrek ordezkatu zuen aulkian eta azken unean salbazioa lortu dute balearrek.

Bi talde hauez gain, Altea, Villajoyosa, Benidorm, Elche, Getafe eta Vila-real taldeak entrenatu ditu Estatu espainolean eta nazioartean, Arabiar Emirerri Batuetan (Baniyas SC) eta Saudi Arabian (Al-Shabab) aritu da entrenatzaile gisara.

Velazquezek ezin lortu salbazioa

Salamancako entrenatzaileak ez du taldea Lehen Mailan mantentzeko helburua bete. Apirilean iritsi zen Gasteizera, Mendilibarrek eginikoa hobetu eta taldea Lehen Mailan mantendu asmoz. Garaipen kopuruan bai hobetu ditu Zaldibarkoaren emaitzak (hiru garaipen zortzi partidatan baina ez da gai izan erregulartasun bat mantentzeko. Rayo, Vila-real eta Espanyolen aurkako garaipenek ez dute segida izan eta horrek taldea Bigarren Mailara eraman du.

Ezer gutxi zegoen egiteko, jaitsiera saihetsezina baitzirudien. Mendilibarrekin taldeak garaipen bakarra eskuratu zuen eta zazpi partida galdu (zazpi puntu batu zituen hamabi partidatan) eta bi hilabetean gauzak hobetzeak mirari bat behar zuen.

Oraindik ere gogoan dago Callejaren kaleratzea. Zenbakiak ez ziren onenak (lau garaipen, hiru berdinketa eta 11 porrot) baina beste bi entrenatzaile ekartzeak ez ditu zenbakiak hobetu (lau garaipen eta lau berdinketa 20 partidatan).