INFO

Hizkuntzaren plazera literaturaren plazara

Udaberri giroan esnaera goxoa izan du igandeon Literaturiak eta, hala ere, aterpean gorde du dena, euskal literaturak hala behar duelakoan: liburu-pila bat karparen babespean, literatura solasgai Modelo aretoan eta Maialen Lujanbiok proposatutako erradiografia bat Merkatu plazan.

Ikusi, ukitu eta aukeratzeko aukera izan da liburu-azokan. (Jon URBE | FOKU)

Bi urtez udazkenera mudatu ostean udaberrira piztu da berriz Loraldia –eta zer udaberri-giro, soilik hondartzarako tentazioari eutsi diotenak sartu dira karpa barrura–, Zarautzen lurreratzen den literaturaren plaza. Igandekoa izan da euskal letrek duten aterpe bakanetako honen zortzigarren edizioaren azken eguna, aurtengoan, ‘Piztia. Aurkitzeko, baretzeko, pizteko’ leloak lagunduta.

Lege Zaharraren Enparantzak hartu du liburu azoka eta, han, begiradak stand-etara so ziren, zein etxeratu erabaki nahian; zenbat buru, hainbat liburu. Dozenaka piztiak jo dituzte Erein, Susa, Elkar, Ttarttalo edo Pamiela argitaletxeen ateak eta maizter-saldo batek aurkeztu die eskaintza. Han Iñigo Martinezen ‘Mandamentu hipermodernoak’, hemen Erika Lagoma eta Estitxu Fernandezen ‘M ama* eme* ume*’, pareko stand-ean Mikel Tabernaren ‘Arkanbele kantak’, hango hartan Eider eta Arrate Rodriguezen ‘Oilasko hegalak’, beste aldean Nerea Loiolaren ‘Epizentroa’. Itziar Ugarteren poesiara joan, Goizalde Landabasoren umore mingotsa probatu, Lisipe bildumako batekin saiatu ala Bernardo Atxagarenera, Joseba Sarrionandiarengana, itzuli?

Dakit argitaletxetik esan dute larunbatean soilik hiru liburu saldu zituztela, baina bi stand aurrerago zen Libe Goñi idazleak, ‘Har 3 minutu zuretzako’ liburu espiritual-sendagarriaren egileak, esan du bizitza egunero zerotik hasten dela eta, beraz, atzokoak gaitzerdi.

Edo hala litzake euskal literaturak Literaturia gisako plaza bakan batzuk besterik ez balitu.

Karpa beraren pean izan dira, halaber, udaberri honek ekarri duen uzta berriena ezagutzera emateko liburu aurkezpenak: Goiatz Labandibar eta Iñaki Zapirainen ‘Hizkien alde. Manifestua’; Nerea Loiola eta Jon Arangureren ‘Naian’; Goiatz Labandibarren ‘Amez’; Santi Leoneren ‘Liztor mutanteak’ eta Lizar Begoñaren ‘Gepardo japoniarrak’.

Han ziren, bestalde, aurrekoak baino zaharrago, baina ez hargatik zahartuago, Leonardo Sciasciaren ‘Todo Modo’, Gaizka Ugaldek euskarara itzulita; Agatha Christieren ‘Orient-Expresseko hilketa’, Ainhoa Ederren itzulpenarekin edo Aleksandra Kollontairi Aroa Uhartek euskarara lapurtutako ‘Erle langileen amodioak’.

Itzulpena aldarrikatu

Eta herritar-irakurle-erosleak haiei begira ziren bitartean, literatura unibertsala euskarara ekartzeaz aritu dira Modelo aretoan Angel Erro eta Irati Jimenez idazleak, Eizieren literatura unibertsalaren bilduma –32 urtean 184 titulu euskaratu ditu– ardatz hartuta.

Bertan, hausnartu dute ez ote duten antzematen edo sufritzen soilik euskal hiztunek itzulpenaren lasta imajinarioa, erdaldunek (gazteleradunek, frantsesdunek), jasotzen duten itzulpen-hizkuntza unibertsaltzat hartzen duten bitartean.

«Erdal irakurleak ez du itzulpena arrotz hartzen. Kutxa berean ditu Paul Auster eta Almudena Grandes», agertu du Errok. Berak, baina, aitortu du Jane Austen lehen aldiz euskaraz irakurri zuela. Eta aldarrikatu du aurrez erdaraz irakurritako liburuen euskarazko itzulpena irakurtzean aurki daitekeela «hizkuntza plazera»: «Hamlet euskaraz irakurtzea beste esperientzia bat da».

Irati Jimenezek ere esan du Euskal Herrian badela literatura unibertsalaren eta «hemen euskaraz sortutakoaren» arteko «dibortzio» bat, zeina «problematikoa» den, bere ustez. Banaketa hori gazteengan ikusten dela gehien ohartarazi du, izan ere, ingelesetik ekarritako liburuak dituzte, askok, kuttunen. Jimenezen iritziz, gazteekin eta «literaturarekin gertatzen dena gauza larria da». Ez gazteek ez dutelako irakurtzen –hori gezurra dela esan du–, baizik zenbaitzuk arduratzen direlako, hezkuntza planetan liburu «aspergarriak» sartuaz, gazteei irakurzaletasuna lapurtzeaz. «Arraroa da irakurzaletasuna bizirik mantentzea helduaroraino», esan du.

Euskarazko itzulpenak hartu eta gozatzera iristeko bide bat «ohitura» dela proposatu dute idazleek. Beste bat, Mikel Garmendiak Marguerite Durasen ‘Maitaleak’ lanari egindako itzulpena irakurtzea.

Infragorri, ultramore

Literatura ezin denez soilik liburuetan gatibatu, Merkatu plazako goiko pisuan Maialen Lujanbioren ‘rr # 5 marrak’ saioa ikus-entzutera agertu dira sarrera lortu duten zuhurrak, iganderako agortuta baitziren. Garai baten erradiografia egin du han Lujanbiok, agian gatazkatik –baina, «noiz sortua da gatazka», galdetu du, «noiz hasten da iragana?»– Google inperioaren denboretara, edo agian glaziaziotik berotze globalaren garaira.

Edonola ere, izpi infragorriak eta izpi ultramoreak erabiliaz irakurri du garaia, garai bat. Infragorriak, pinturan nola gizartean ere, azpikoa, «azpiratua» izan dena ikusteko eta, ultramoreak –izpi edo betaurreko, Lujanbioren hitzetan, sarri gizonezkoei falta zaizkienak–, jakiteko paisaiari eusten dion markoak, azalak, zenbat sufritzen duen, «desgastea non dagoen», zerk behar duen zaintza.

Maialen Lujanbio ‘rr # 5 marrak’ saioa interpretatzen, Literaturiaren azken egunean. (Jon URBE/FOKU)

Umoretsu eta burutsu, Maialen Lujanbioren erradiografiak badu bertsotik, aho-korapilotik, iruditik, oihartzunetik. Marra bakarrak, etzanak, lotuek, gurutzatuek, zuzenak, Kandinskyrenak ziruditenak, lagundu dute sortzailearen hizketa josten. Marra horietan aritu da ahozko trapezista eta bota du hitz-errenkada luze-luze bat –«garrasi, tentsio, bizi-nahi, herio»–, bakoitza hartzailearen leku diferenteetan pausatzeko indardun –«etsi ala eutsi, iraun ala iraungi»–.

Ohartarazi du, baita ere, orainaldi arraro honetan non kokatu ez dakitela dabiltzanen gainera etorriko dela etorkizun «beldurgarri» hori. Baina, noiz hasi(ko) da etorkizuna?