Pilotaren Olinpoan da Unai Laso, egunik berezienean perfekziora asko hurbilduta
Joseba Ezkurdiak, hasieratik oso lotua, ez du bere maila ematerik izan eta nahi baino lan gutxiago eman dizkio txapeldun berriari.
Bihar ordu hauetan Grezian izango da Unai Laso merezitako opor eta atsedenaldiaz gozatzen. Ez dakigu bere planen artean Olinpo mendia bisitatzea izango duen, baina hegazkina hartu aurretik, pilotaren gailurra zapaldu du Bizkarreta-Gerendiangoak, partida borobila jokatuz. Gailurrerako bide horretan, Baikoko aurrelariak gaur baino egun zailagoak izan ditu –duela urtebete afizionatuetan zen enpresak kanpoan utzita– Joseba Ezkurdiak, hasieratik oso lotua, bere mailatik oso urrun, nahi bezainbat estutzerik izan ez duelako.
Lehen bi tanto oso lehiaturen ostean –bakoitzak bestearen sakea hautsi du piloteo luze eta borrokatuan–, Unai Lasok hartu du partidaren aginte makila. Halako frontis bizkorra duen pilotaleku batean lehen jotzen duenak asko du irabazia eta horretan Bizkarreta-Gerendiangoak beste oldarkotasun bat erakutsi du. Ideiak askoz argiago balitu bezala, pilota ondo atzeratu, baina aurrera pauso bat eman behar duenean ere hala egin du, inolako beldurrik gabe.
Joseba Ezkurdiak, aldiz, zalantza batzuk izan ditu, bai sakeak erantzuterakoan eta baita kantxan kokatzeko orduan ere eta hori akats larria da, are gehiago frontoi honetan eta aurkari honen aurka. Unai Lasok ere presio handia jarri dio hasieratik, kantxaren erdia bereganatu eta Ezkurdia oso motzean lotuz. Hankak arinak izan arren, pilota gehienei, hanka geldian jo die arbizuarrak eta horrela ezinezkoa izan zaio tantoen ekimena hartzea.
Eta saketik bi falta
Eta sakearekin egindako bi faltak izan dira Sakanakoaren ezinaren adibiderik argiena. Markagailuan 3-10 atzetik zihoala egin du lehena, batere federik gabe sakea zabalera botata motz geratuta eta 4-13koan luzeegi jota. Eta sakearekin asmatu beharra zuen arbizuarrak ezer egin nahi izatera.
Bestaldean, Unai Lasok partida borobila jokatu du, une oro kantxan egin behar zuena egin eta halako final batean inolako akatsik egin gabe.
Izan ere, egia da Joseba Ezkurdik badakiela gaur baino askoz gehiago jokatzen, baina Unai Lasok perfekziotik oso hurbil jokatu du, bidean oztopo askoz latzagoak gaindituta inolako beldurrik gabe eta buruari buelta gehiegirik eman gabe, sentitzen duena natural eginez.
Partida askoz borrokatuagoa espero bagenuen ere, Bizkarreta-Gerendaingoaren garaipenak ez du inolako aitzakiarik onartzen eta, pasa dituenak pasata, pilota munduko jende asko ikaragarri poztu du. «Baiko entzun, Laso txapeldun» oihuek argi utzi dute.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia: 7
Laso: 22
Iraupena: 47,30 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-9, 3-9, 3-12, 4-12, 4-13, 5-13, 5-21, 7-21 eta 7-22. Sakeak: 2 (2 falta) Ezkurdiak eta 3 Lasok. Egindakoak: 5 Ezkurdiak eta 10 Lasok. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak eta 0 Lasok. Gorabeherak: Goraino bete da Iruñeako Nafarroa Arena pilotalekua eta giro bikaina izan da harmailetan. Dirua 80/100 irten da Lasoren alde. Ruben Ayarra aritu da Ezkurdiaren botilero lanetan eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorekin. Txapelak banatzerako orduan, «Baiko entzun, Laso txapeldun Oihuak entzun dira».