INFO

Capak bi urtetarako kontratua nahiko luke eta hautagaiekin adostasun batetara heldu

Bere lehentasuna Athleticekin jarraitzea dela azaldu du Liga amaitu denetik eman dituen elkarrizketetan. Beste talde batzuek interesa agertu dutela dio, baina ez duela inorekin sinatu argi utzi du.

Capak Osasunaren kontrako derbian bakarrik jokatu zuen amaitu berri den denboraldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ander Capak zaleen babesa jaso zuen San Mamesen jokatutako denboraldiko azken partidan. Amaitzeko bost minutu falta zirenean zelairatu zen Osasunaren kontrako derbian eta txalo zaparradarekin batera, bere aldeko oihuak entzun ziren. Telebilbaon egindako elkarrizketan azken urtean bizitako uneak gogora ekarri zituen. Gaizki pasatu duela onartzen du, Marcelinorekin izandako harremana ez dela ona izan eta ez zuela ulertzen zergatik ez duen batere jokatu.

Entrenatzaile asturiarrak eta klubeko arduradunek kirol erabaki bat izan dela argudiatu izan dute. De Marcos, Lekue eta Petxarroman bere aurretik zeudela eskuin hegalean jokatzeko esan izan du Marcelinok.

Capak lesio larri bat izan zuen 2021ko apirilean belaunean, baina aurre denboraldira osatuta iritsi zen. Liga hasteko aste batzuk falta zirenean giharretako lesioa izan zuen eta lehen jardunaldiko deialditik kanpo geratu zen, Petxarromanen moduan. Marcelinok De Marcosen aldeko apustua egin zuen, baina arabarra ere lesionatu egin zen eta Lekuek ordezkatu zuen. Deustuarrak bikain erantzun zuen eta postuaren jabe egin zen. Petxarromanek urri amaieran egin zuen debuta Anoetan eta hiru jokalariak postua elkarbanatzen joan izan dira. Capak berriz, ez du aukerarik izan.

Jokatu barik egotearekin batera kontratua amaitzen zaio ekainaren 30ean. Pandemia aurretik luzatzeko eskaintza bat egin zioten. Azken aldian hainbeste hitz egiten den helburu batzuk bete behar zituen azken denboraldian urtebete bat gehiago izateko. Capak berak kontatu du ez zitzaiola bidezkoa iruditu eta negoziazioak bertan behera gelditu ziren.

Jokalariak argi utzi du bi urtetarako kontratua nahi duela eta klubaren zuzendaritzan aldaketa izango denez, itxaroteko hautua egin du. Proposamenen bat badauka esku artean, baina bere lehentasuna Athleticen jarraitzea dela dio. Sentimendu zuri-gorria daukala txikitatik eta jasotako zaleen babesarekin argi dauka erabakia.

Joan den astean, Ricardo Barkala eta Iñaki Arechabaleta presidente izateko hautagaiekin hitzegin duela ziurtatu zuen. Jon Uriarterekin ere harremanetan jarri da azken egunetan. Hiru hautagaitzekin adostasun batetara heltzeko helburua daukala dio eta itxaropentsu dagoela esan zuen. Hala ere, ikusteke dago nola kudeatuko duten gaia. Oraindik zehaztu gabe baitaude kirol arduradun eta etorkizuneko entrenatzailearen izenak.

Arechabaletak eguerdian Onda Vascan egindako elkarrizketa batean ziurtatu duenez, Caparekin aurre akordio bat sinatzeko asmoa dauka. Azaldu duenaren arabera, bere hautagaitzarekin joango den entrenatzaileak Capa taldean geratzea nahi du.

Utzitako jokalarien itzulera

Caparen egoerari konponbide bat eman beharko zaio datozen egunetan eta baita ere azken denboraldian utzita egon diren jokalariei. Iñigo Cordoba Herbereetatik itzuliko da 12 gol egin ostean. Go Ahead Eagles taldeak hiru miloi ordaindu behar zituen jokalariarekin geratzeko, baina ez du egin eta Lezaman egongo da aurre denboraldi hasieran.

Imanol Garcia de Albeniz eta Iñigo Vicente ere bertan egongo dira Mirandesekin Bigarren mailan aritu ostean. Amorebietan utzita egon den Peru Nolaskoain eta Valladolidekin igoera lortu duen Jon Morcillo ere itzuliko dira talde zuri-gorrira. Aldi berean, Athleticek Gorka Guruzeta aurrelaria berreskuratzea espero da. 13 gol egin ditu Amorebietarekin azken denboraldian.

Bestalde, Athleticek hurrengo denboraldiko kamiseta ezagutarazi du sare sozialetan. Berritasun nagusia da beltz kolorea sartu dutela lepoaren inguruan eta kamisetaren mahuketan.