INFO

Zazpi gazteren aurkako epaiketari aurre egiteko diru bilketa abiatu du Ernaik

2021eko maiatzean Ernaik deitutako mobilizazioen baitan Bilbon atxilotutako zazpi gazteen aurkako epaiketaren atarian, elkartasunerako deia egin du gazte antolakundeak eta diru bilketa abiatu du.

Iazko maiatzaren 7an, guztira, zortzi gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, haietatik zazpi Bilbon. Ekainaren 15ean epaituko dituzte hauek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ohar baten bitartez, ekainaren 15ean Bilbon epaituko dituzten zazpi gazteen aurkako auziaren harira abiatutako elkartasun kanpainaren berri eman du Ernaik.

Gogoratu dutenez, iazko maiatzean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan protestak egin zituen Ernaik, ‘Larrialde egoeran gaude. Eraldaketa soziala eta burujabetza’ lelopean, gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta prekarizazio egoera salatzeko.

Bilbon eta Gasteizen Ertzaintza gogor oldartu zitzaien gazteei eta, haietako zortzi atxilotzeaz gain, 60 baino gehiago zauritu zituen.

Bizkaiko hiriburuan atzeman zituztenak ekainaren 15.ean epaituko dituzte. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigor, isun eta kalte ordain eskaerei egin beharko diete aurre. Guztira, 20.000 euro baino gehiago eskatzen dizkiete.

Epaiketaren atarian, elkartasunerako deia egin du Ernaik. (ERNAI)

Hori dela-eta, kontu korronte bat ireki du gazte antolakundeak, herritarrek ekarpena egin dezaten: ES53 2095 0036 6191 2160 4611. Epaiketaren gastuetarako eta isun eta kalte ordainei aurre egiteko erabiliko dute bildutako dirua.

Azkenik, larunbaterako, ekainak 4, antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, «gazteontzako bizitza duinak borrokatzea delitua ez dela aldarrikatzeko eta auziperatuei babesa adierazteko». Arratsaldeko 17.30ean hasiko da mobilizazioa Bilboko Eliptika plazatik.