INFO

Joseba Sarrionandia, Euskaltzaindian hiru hamarkada eta gero

Joseba Sarrionandia Euskaltzaindira itzuli da ostiral honetan, Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuenetik hogeita hamar urte igaro direnean. Andres Urrutia euskaltzainburuak eman dio diploma.

This browser does not support the video element.


Hogeita hamabost urteko erbestealdia eta gero, Joseba Sarrionandia ari da apurka-apurka euskal kulturaren egunerokora itzultzen. Eguneroko presentzialera, bederen, euskal lurraldetik urrun bizi izan den hamarkadotan erreferentziazko idazle eta pentsalari izan baita euskarazko letretan.

Gaurkoan, Euskaltzaindira itzuli da idazle iurretarra. Andres Urrutia presidentearen eskutik jaso du euskaltzain urgazle izendatu zuteneko diploma. 1991ko urtarrilaren 31n izendatu zuten eta, beraz, hogeita hamar urte itxaron behar izan ditu oroigarria jasotzeko.

Euskaltzaindiak berak egin du iragarpena Twitter bidez zabaldutako bideoan. Sarrionandia eta Urrutia bera ageri dira, Gabriel Arestiren irudia atzean dutela. Umoretsu eskaini dio agiria Akademiako buruak idazleari: «Hau da agiria, erakusten duena hain zuzen ere euskaltzain urgazlea zarela, etxean ongietorria eta beti aldeko sutsu batzuk izan dituzula. Gero hori kontatuko dizut ‘off the record’».

Akademiaren egoitzako bilkuren aretoa bisitatu ostean, liburu-sorta bat oparitu dio Urrutia euskaltzainburuak.

Heldu den astelehenean Euskaltzaindiaren egoitzara bueltatuko da Sarrionandia, izan ere, Bilbo Zaharrak antolatutako Forum-ean parte hartuko du, Pilar Kaltzada eta Aingeru Epaltzarekin batera (19.00etan).