Barçaren aurka Asobal Kopako finala galduta ere, Bidasoak txapela kentzeko denboraldia egin du
Bidasotarrek ezin izan dute Zaragozan garaikurra altxatu Barçaren aurka detaileetan erabaki den finalean (29-37), nahiz eta azken momenturarte borrokatu. Jose Manuel Sierra, Xoan Ledo, Adrian Fernandez edota Kauldi Odriozolak azken partida jokatu dute Bidasoa-Irunekin.
Denek zekiten zaila zela –ezinezkoa ez esateagatik– Barçari final batean irabaztea. Baina kirola ere horretan datza, ezta? Saiatu, saiatu eta saiatu. Bidasoa-Irungo jokalariek dena eman dute Zaragozako Principe Felipe pistan talde katalanari gailentzeko, baina honelako talde handi baten kontra detaileek beste batzuetan baino garrantzia handiagoa izaten dute, gaur gertatu den bezalaxe (29-37).
Lehen zatian, esaterako, epaileek pasibo bat adierazi diote Bidasoari, irundarrek zutoinean bi aldiz jo dute baloia eta, hori gutxi balitz, larunbatean protagonista izan zen Iñaki Caverok bi penalti huts egin ditu. Horri galdutako baloiak gehitu behar zaizkio, eta faktore guzti hauek gakoa izan dira.
3-4koarekin Mikel Zabalak zutoinera bidali du jaurtiketa, 4-5ekoan Caverok penalti bat huts egin du eta 4-6koan Gorka Nietok baloia galdu eta Barçak 4-7koa egin du, hiru goleko abantaila hartuz.
Eskerrak, larunbatean bezalaxe, Xoan Ledo agertu den. Atezainak zapore onarekin esan nahi izan dio agur Bidasoari, eta sei geldiketa sinatu ditu lehen zatian bere taldeari eusteko. Kontrako atean, Gonzalo Perez de Vargasek ere bere lana egin du, lehen ordu erdian bost geldiketa eginda.
Gauzak hala, atsenaldira hiru goleko errentarekin joan da talde katalana (14-17).
Bigarren zatia oso orekatua hasi da. Bi taldeek golak sartu dituzte bi ateetan bata bestearen atzetik, lau goleko abantaila mantenduz, baina 18-22koarekin, Julen Aginagaldek huts egin du bere jaurtiketa eta hurrengo jokaldian Barçak bost goleko errenta ezarri du (18-23).
Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu behar izan du momentu horretan konponbideak bilatzeko, baina Aitor Ariñok eta Yussef Ben Alik beste bi gol bat sartu dituzte pistara itzultzean eta zazpira igo dute abantaila bere taldearentzat (18-25).
Momentu horretan Kauldi Odriozola taldearen buru jarri da eta bere golekin abantailak mantendu dituzte, baina katalanak pixkanaka aldeak handitzen joan dira. Jose Manuel Sierra ere bereak egiten hasi da atean, eta 25-31ra jarri dira bidasotarrak.
Momentu klabea zirudien: aldea murriztearena edo Barçak beste martxa bat ezartzearena. Bigarrengo hau gertatu da. Zortzi goleko errenta lortu dute katalanek (26-34, 54:48 minutuan), tartean Adrian Fernandezen jaurtiketa bat zutoinera joan delarik.
Bidasoako jokalari honek berak 29-36koa ipini du markagailuan, baina oso denbora gutxi falta zen partida, finala, amaitzeko. Barçak dena kontrolpean izan du eta ez zaio 17. Asobal Kopa eskuetatik ihes egin.
Katalanek titulua ospatzen zuten bitartean, Bidasoak Zaragozara bertaratutako zaleak agurtu, eskerrak eman eta denboraldiari amaiera gazi-gozoa eman dio. Ez du titulurik irabazi jokatu dituen lau txapelketetan –Liga, EHF European League, Kopa eta Asobal Kopa– eta jokalari garrantzitsu batzuk taldea utziko dute, baina argi dago oinarri sendo bat dagoela, gazteak sendo datozela –aurten bikain erakutsi duten moduan– eta talde honekin disfrutatzeko momentu gehiago egongo direla. Zorionak Bidasoa-Irun egindako lan bikainagatik!