INFO

Oroimena eta musika uztartuko dituzte igandean Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteek

Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteek 'M3moria Bermut Musikatua' izena duen ekitaldia antolatuko dute igandean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. La Excavadora, Don Inorrez, Pasadena, MICE eta El Callejón de Cachán taldeek hartuko dute parte oroimena eta musika uztartu nahi duen ekimen honetan.

 

Jimmy Jazz aretoan astearte honetan egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Memoria Gara ekimenak, Martxoak 3 elkartearekin batera, musika eta oroimena uztartuko ditu ekainaren 12an antolatuko duen saio berezi batean. 'M3moria Bermut Musikatua' 12.30etan hasiko da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. La Excavadora, Don Inorrez, Pasadena, MICE eta El Callejón de Cachán taldeek hartuko dute parte, eta sarrera doakoa izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «kulturak oro har eta musikak bereziki memoria kolektiboari egiten dioten ekarpena» goraipatu nahi dute ekimen honekin, «izan ere, azken hamarkadetan abesti askok eman dituzte aditzera, bai 1976ko sarraskiaren salaketa, bai harrezkero martxoaren 3a ordezkatzen dituen balioak».

Gogoratu dutenez, 'Campanades a morts', Lluis Llach-ek sarraskiaren egun berean idatzitako abestia, izango da seguruenik ezagunena. Baina abestien zerrenda luzea da. Ikerketa-prozesu luze baten ondoren, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiarekin zerikusia duten 37 abesti dokumentatu dira. «Litekeena da beste batzuk egotea eta oraindik dokumentaziorik ez izatea. Badirudi zerrenda horrek hazten jarraituko duela hurrengo urteetan», azpimarratu dute.

«Kultur ondare handi horrek herriko M3moria elikatu du, eta omenaldia egin nahi diogu musikak martxoaren 3ko oroimen hori bizirik mantentzeko egin duen ekarpen handiari», nabarmendu dute Josu Santamarinak eta Nerea Martinezek Jimmy Jazzen egindako agerraldian. Haien esanetan, «martxoaren 3ko memoriako alderdi hori oso adierazpide garrantzitsua da Asisko San Frantzisko elizan memoria espazioa sortzeko prozesuari begira».

Zaramagako memorialaren «blokeoa»

Zentzu honetan, Asiseko San Frantzisko elizan oroimenerako espazio bat sortzeko Memoria Garak eta Martxoak 3k lanean jarraitzen dutela ohartarazi dute.

Memoria Gara ekimeneko eta Martxoak 3 elkarteko ordezkariek salatu dute prozesuak blokeatuta jarraitzen duela. «Ez dugu inolako berririk ezarri beharreko metodologiari buruz. Uste dugu beharrezkoa dela lankidetza-formula bat adostea, lan-metodologiak ezartzeko eta martxoaren 3ko Memorial Gunea sortzeko prozesuan Martxoak 3 eta Memoria Gara agertzeari ikusgarritasuna emateko», gaineratu dute.