INFO

Saizarbitoriaren ‘Martutene’, ehunka lagunen ahotan Klasikoen Irakurraldian

Klasikoen Irakurraldiaren XV.edizio honetan, ‘Martutene’ Bilbora ekarri dute. Horrela, irakurketaren bidez, Ramon Saizarbitoriak Donostian girotu zuen eleberria Arriaga Antzokian omendu dute irakurraldian, orotara, parte-hartu duten 500 lagunek baino gehiagok.

Klasikoen Irakurraldiko XV.ediziorako Arriagako plazan kokatu duten pantaila. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Martutene. Donostiako auzoa. Loiolaren eta Astigarragaren artean kokatua. Urumea ibaiaren hegoaldeko erriberetan eta izena urteetan ‘El Estanco’ taberna egondako baserritik hartu zuena», ‘Martutene’ (2012) eleberriaren lehen lerroekin abiarazi du Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) idazleak, asteazken honetako goizeko 8.00etan, Klasikoen Irakurraldiaren XV.edizioa. Alabaina, istorioa kokatzen den Donostiaren ordez, Bilboko Arriaga antzokian ospatu da, urtero bezala, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako literatur ekimena.

Saizarbitoriaren ostean, 14.00ak arte, 500 irakurle inguru pasatu dira txandaka antzokiko foyerrean kokatutako atriletik. Giro ona izan da nagusi, baina urduritasuna nabaritu zaie irakurtzeko beraien txandari itxaroten zeuden bertsolari, eragile, idazle, agintari, ikasle, euskaltzale eta kultur arloko gainerako pertsonei; guztiak ere egokitu zaien pasartea, nor bere buruarentzat, behin eta berriz entseatzen ibili baitira –NAIZ, Toti Martinez de Lezea idazlea, Koldo Tellitu ikastolen elkarteko lehendakaria eta Xabier Amuriza bertsolaria tartean–.

Iraide Ibarrondo NAIZeko kazetaria, irakurraldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Hala ere, Euskal Herriko aurpegi ezagunez gain, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleak, diasporako 50 euskal etxetako kidek eta Bilboko institutuetako ikasleek ere egin diote beraien ekarpena irakurketaren maratoiari. Hori horrela, klasikoen irakurraldiaren historian lehen aldiz, parte-hartzaile batzuek aurretiaz grabatu dituzte beraien pasarteak, ekimenaren formatu hibridoa estreinatuz. Adibidez, Santiago de Txileko euskal etxea era horretan atxiki da irakurraldira.

Bikoteen joan-etorriak

Iragan den urtean irakurritako ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (1545) liburuarekin alderatuz, gaurkotasun handiagokoa, hurbilagoa, izan da ‘Martutene’ nobelan kontatutako bi bikoteren gorabeheren eta krisien arteko istorioa: «Kontaketa eten du esku zabalduak besagainen parera altxatuta apaizek ofertorioan izaten duten jarrera horretan, trabesean ebaki buru mokoluzeari so, miazkatu gabe legokeen zerbaiten bila, hezur guztiak baitaude garbi eta soil, besoak atzera gurutzatuz aitortzen dio bera ere urduri zegoela, bateko hau eta besteko hura hiru ordu baino gehiago zeramatzalako erre gabe».

Orriek Martin idazlearen, Julia itzultzailearen eta medikuak diren Pilar eta Abaituaren bizitzak eta Lynn soziologo amerikarraren etorrera dituzte ardatz. Zenbaitek Saizarbitoriaren obra intimoena dela kontsidieratzen dute ‘Martutene’, eta premisa horretatik abiatuta ulertu behar da autoreari bere lerro propioak ahots goran irakurtzeak «lotsa» ematen diola aitortu izana.

Alabaina, lotsak lotsa, bai euskarak eta bai euskal literatura klasikoak errekonozimendu eta elkartasun erakustaldi bat izan dute Arriagan.