INFO

Errusiak erasoaldia bultzatu ala baretu, dena izango da Ukrainaren kalterako

Errusiak erasoaldia lausotu eta ahantzarazi egingo ote duen beldur dira Donbasseko frontean nola edo hala aurre egiten dioten soldadu ukrainarrak. Gerra bultzatuko balu, are okerrago izango lukete.

Soldadu ukrainarrak, tanke bat konpontzen saiatzen. (Aris MESSINIS | AFP)

Ukrainako Lurreko Defentsarako kideak beldur dira beren herrialdean gertatzen ari den gerra ez ote den izoztuko eta ahaztuko.

«Errusiak ez ditu bereganatu ahal izan aurreikusita zituen lurralde guztiak. Beraz, neurri politikoen bidez auzia izoztu dezake», ohartarazi du Andriy-k, fronteko lehen lerroan dagoen ofizial ukrainarrak. «Hori gertatuko balitz, Errusiaren interesen mesedetan izango litzateke», gaineratu du Xevtxenko herrixkan.

Handik gertu errusiazaleen miliziak kontrolpean duen Donetseko probintziako aldea dago. «Hori da, hain zuzen ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak nahi duena, muga fronteko lerroaren baitan finkatu», ziurtatu du.

Lerro horrek Ukrainako mila kilometro hartzen ditu eta Errusiak kontrolpean duen herrialdeko lurraldearen %20 bereizten du, Volodymyr Zelensky Kieveko presidenteak onartu berri duenez. Zelenskyk berak ere azaldu duenez, Ukrainari gutxien interesatzen zaiona gatazka izoztea da, bi aldeak nolabait aseko lituzkeen akordiorik ezean auzia ahaztuta geratzea.

Gerra luzea

Hala ere, gerrak luze joko duela ohartarazi zuen atzo Ukrainako presidenteak eta negua benetan gordina izango dela iragarri zuen.

Sergiy soldadua ziur da Putinen helburua Europako beste lurralde batzuk atzematea dela. «Nork esango zigun, duela urte batzuk, Putinek eraso egingo zigula, hona etorri eta hau bere lurraldea dela esango zuela», argudiatu du.

50 urte inguru dituen gizonkote honen iritziz (eta horretan ez dator bat bere kidearekin), Putin «ez da geldituko bere inguru geopolitikotzat duen lurralde guztia eskuratzen duen arte».

«Errusiako zerbitzu sekretuak horretan ari dira. Jaungoikoak ez diezaiola utzi».